Gasteizko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 29a, 14:30
Maiatzaren 18an Orioko hilketa matxitsa gaitzesteko Lege Zaharren enparantzan egin zituzten elkarretaratzeak. (Juan Luis Romatet)

Urola Kostako Itaiak gaur arratsalderako deitu du protesta Lege Zaharren enparantzan eta Zarauzko Udalak, Bilgune Feministak eta Morroxkak taldeak biharko.

32 urteko emakumezko baten hilotza aurkitu zuten atzo Gasteizko apartamentu hotel bateko logela batean, indarkeria zantzuekin. Ertzaintzak adierazi duenez, indarkeria matxista gisa ikertzen ari dira kasua, eta haren bikotekide ohia atxilotu dute dagoeneko Zaragozan. Bi asteren barruan Euskal Herrian gertatzen den bigarren hilketa matxista da. 

Urola Kostako Itaiak gertatutakoa salatzera deitu ditu herritarrak, eta elkarretaratzea egingo dute horretarako gaur 19:00etan Lege Zaharren enparantzan. 

Zarauzko Udalak, bere aldetik, bihar eguerdirako deitu du hilketa matxista gaitzesteko elkarretaratzea. Zarauzko Bilgune Feministak eta Morroxkak taldeak ere biharko deitu dute protesta. 18:30ean egingo dute Lege Zaharren enparantzan Aski da! lelopean.