'Gelditasuna ekaitzean' filma izango da ikusgai Saio Originalean

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 30a, 10:00

Donostiako Zinemaldian aurkeztu ondoren, zinemaz zinema ari dira ematen Alberto Gastesiren lehen film luzea. Gaur arratsaldean Zarautzen ikusteko parada izango da.

Alberto Gastesi zinemagile donostiarraren opera prima da Gelditasuna ekaitzean (La quietud en la tormenta) filma, gaur Saio Originalaren barruan Modelo aretoan ikusgai izango dena, 19:30etik aurrera. Egileak Donostian girotu du bere lan luzea, eta bere belaunaldia erretratatu nahi izan du zuri-beltzean, bizitzak hartzen dituen bide ezberdinak ardatz hartuta.

Donostiako Zinemaldiko Euskal Zinemaren Galan aurkeztu ondoren, hil honen hasieran iritsi den pantaila handira, eta gaur emango dute Zarautzen. Alberto Gastesik eta Alex Merinok elkarlanean idatzitako gidoia da, eta Loreto Mauleon, Iñigo Gastesi, Aitor Beltran eta Vera Milan aktoreek hartzen dute parte ekoizpenean.