Zarauzko Udalak irmoki gaitzetsi du Gasteizko hilketa matxista

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 30a, 14:15
Udal ordezkariek elkarretaratzea egin dute hilketa matxista salatzeko. (Zarauzko Udala)

Zarauzko Bilgune Feministak eta Morroxkak taldeak arratsalderako deitu dute elkarretaratzea; 18:30ean izango da, Lege Zaharren enparantzan.

Zarauzko Udalak deituta, Gasteizko hilketa matxista gaitzesteko elkarretaratzea egin du gaur eguerdian Lege Zaharren enparantzan. Bertan izan dira udal taldeetako ordezkariak, hainbat herritarrekin batera, gertakaria salatzeko.

Honakoa bi asteren barruan Euskal Herrian gertatzen den bigarren hilketa matxista da, eta hori salatzeko hainbat protesta deitu dituzte; atzo Urola Kostako Itaiak egin zuen, adibidez. Gaur arratsalderako, berriz, Zarauzko Bilgune Feministak eta Morroxkak deitu dute; 18:30ean egingo dute, Lege Zaharren enparantzan, Aski da! lelopean.