Zarautzek bisitari ugari erakarri ohi ditu uda sasoian eta, ondorioz, autoz betetzen da herria. Horrek aparkatzeko arazoak areagotzen ditu, eta, horri aurre egiteko, TAO zerbitzua indartzen du udalak. Bada, ekainean sartzearekin batera, bihar abiatuko dute irailaren 30era arte irungo duen TAO zerbitzuaren udako denboraldia. Ordutegia, berriz, 09:00etatik 20:00ak artekoa izango da.
Hainbat berritasunekin dator aurtengoa, zeren, prezioei eutsiko zaien arren, ezin izango da ibilgailurik utzi Messileko aparkalekuan Salberdin hegoaldeko etxebizitzak eraikitzeko lanak direla eta. Eguzki Izarrako partzelan ere gauza bera gertatuko da, baina Iker Basurko jarduneko Mugikortasun zinegotziak azaldu duenez, dagoeneko ari dira neurriak hartzen uda honetako aparkalekuen arazoari erantzuteko: "Udala lanean ari da, lehenbailehen, 400 ibilgailurentzat edukiera daukan aparkaleku berri bat ahalbidetzeko Hegoalden". Zentzu horretan, udalak argitu du bi pabilioi eraitsiko dituztela aipatu aparkalekua egiteko.
Zinegotziak zehaztu du, halaber, tarifa berdekoa izango dela ahalbidetuko duten gune hori eta doakoa uda sasoitik kanpo. Zentzu horretan, udalak gogoratu du kolore berde eta urdinekin zehaztuta daudela ordainpekoak. Bada, horri lotuta izango da beste aldaketarik ere, zeren, Herrikosoro kalea gune berdea izango da aurrerantzean, eta, ondorioz, tarifa murriztua izango du.
Horrez gain, egoiliarrei soilik zuzenduriko aparkalekuak izango dira, baita disuasioko aparkalekua ere Astin. Hala, bisitariek bertan utzi ahalko dute ibilgailua, herrira sartu beharrik gabe. Gainera, aparkalekuak lotura-zerbitzua izango du bisitariak herriko gainontzeko guneetara gerturatzeko.