San Pelaio jaietako haurren danborradako entseguetarako egunak zehaztu dituzte

Andrea Zipitria 2023ko mai. 31a, 14:30
Haurren danborradako zuzendariak. (Haur Kultur Taldea)

San Pelaio egunaren bezperan egin ohi den haurren danborrada antolatzeko lanetan dabil Haur Kultur Taldea. Bertatik zehaztu dutenez, danbor joleen eta zuzendarien entseguak ekainaren 12an hasiko dira, eta guztira zortzi saio egingo dituzte. Aste bat lehenago, ordea, zuzendarientzako entseguak izango dira, ekainaren 6an eta 7an, hain justu ere.

San Pelaio egunaren bezperako haurren danborrada antolatzeko lanetan murgilduta dabil Haur Kultur Taldea, eta dagoeneko zehaztu dituzte haurren entseguak noiz izango diren. Azaldu dutenez, "haurrak festen partaide egitea eta herritar sentiaraztea" dira danborradaren helburu nagusiak, eta horregatik, seme-alabak danborradan parte hartzera anima ditzaten eskatu diete guraso zarauztarrei. Parte-hartzea doakoa izango da; "arropa eta materiala denon artean zaintzea da egin beharreko bakarra", gaineratu dute.

LHko 3., 4., 5. eta 6. mailetako haurrek jo ahalko dute danborra. LH 2ko haurrak desfilean soilik atera daitezke, eta antolatzaileek adierazi dutenez horiek ez dute entsegurik egingo.

Ekainaren 6an, asteartearekin, hasiko dituzte entseguak. Gaztelekuan izango dira, 18:00etatik 18:45era. Hilaren 6an eta 7an danbor zuzendarientzako entseguak izango dira, eta lan horretan aritu nahi dutenek, bertaratu besterik ez dute. Danbor joleek eta zuzendariek, berriz, aste bat beranduago hasiko dira entseguak egiten. Hain zuen ere, elkarrekin entseatuko dute egun hauetan: ekainaren 12, 13, 14, 15, 19, 20, 21 eta 22an.

Antolatzaileek argitu dute haurrek parte hartu ahal izango dutela danborradan eskolaz kanpoko ekintzaren bat dutelako entseguren batera joan ezin badute ere. Hala ere, "danborradaren mesedetan", ahalik eta jende gehien bertaratzea eskatu dute.