"Bilakaerarekin hasten zara ikusten onenen artean zaudela"

Aritz Mutiozabal - Gorka Eizagirre 2023ko eka. 2a, 11:15

Longboard modalitateko surflaria izateaz gain, taula luzeen egilea da Jon Garmendia (Zarautz, 1993). Duela gutxi El Salvadorren jokatu den Munduko Txapelketan izan da, baina ez dago oso gustura emaitzarekin.

Duela bi aste longboard modalitateko Munduko Txapelketa jokatu zenuen. Zein aldarterekin itzuli zara etxera?

Zapore gazi-gozarekin itzuli naiz etxera. Mundu zabaleko surflarien aurka lehiatu ahal izatea oso gauza polita bezain aberasgarria izan da. Egia esan, beste espektatiba batzuekin joan nintzen, eta ez nituen lortu, ez behintzat helburu pertsonal gisa. Aldiz, talde bezala, Espainiako selekzio moduan, lortu genuen mutil bat eta neska bat Balin (Indonesia) jokatuko den aurre olinpikorako sailkatzea.

Lehen hogeietan sailkatzea zen finkatu zenuen helburua, baina han topatu zenituzten olatu baldintzek ez zuten horretan lagundu, ezta?

Denetarik pixka bat izan zen: olatuen baldintzak ez ezik, taulen aukeraketak ere izan zuen zerikusia. Azken finean, erabiltzen eta ekoizten ditudan taulak, orokorrean, molde klasikokoak dira, eta olatu txiki eta ertainetan moldatzen dira ondoen. Kasualitatez, itsasaldi handia sartu zen El Salvadorren, bizpahiru metroko olatuekin, eta nire taulekin konplikatu samarra da olatu horietan joatea. Orduan, ez zen nahi bezala atera txapelketa.

Hiru metroko olatu bat taula motz batekin surfeatzeko egokiagoa da.

Tira, olatu handiak surfeatu daitezke taula luzeekin edo longboardekin, baina beste egitura batzuetakoak dira. Taulak kurbadura nabarmenagoa behar du aurrealdean, eta nik egiten ditudanak lauagoak dira, zentzu horretan. Olatu txikietan ez duzu arazorik izaten, baina itsaso handia sartzen denean, bestelako ohol batzuk behar izaten dira, ongi surfeatu ahal izateko.

Munduko Txapelketa batean parte hartu duzun lehen aldia izan da zuretzat. Irakurketa positiboa ere egin al daiteke alde horretatik?

Bai, noski baietz. Azkenean, txapelketa horretan egotea bakarrik egundoko esperientzia izan da niretzat. Marka pertsonal moduan oso ongi dago, eta aurrerantzean hobetzen joatea da nire asmoa. Urtean zehar lan egiten jarraituko dut, eta ea datorren urtean aurten lortutako emaitza hobe dezakedan.

Dena dela, lehiaketetako zure ibilbidea oso laburra da. Nahiko hasiberria zarela esan daiteke.

21 urterekin hasi nintzen longboardeko txapelketak serio hartzen, eta une honetan, 29 urte ditut. Espainian jokatzen ziren probetan jendeak zer-nolako maila zuen erreparatu nuen, eta pentsatu nuen aukerak izan nitzazkeela emaitza txukunak lortzeko. Izena eman nuen lehen urtean bigarren geratu nintzen Espainiako Txapelketan, eta hurrengo bi urteetan txapeldun izan nintzen. Gehiago lortzeko gogoak bultzatuta, iaz Europako Txapelketan parte hartu nuen, eta bosgarren sailkatu nintzen. Aurten, berriz, Munduko Txapelketan lehiatu naiz, eta, beraz, ea pixkanaka-pixkanaka hobetzen joaten garen.

Nola ohartu zinen goi mailan aritzeko balio duzula?

Hasiera batean ez duzu ikusten, ez zara kontziente. Espainiako Txapelketa irabazi nuenean ere ez nintzen jabetzen. Errazagoa zela iruditu zitzaidan, eta ez nion aparteko garrantzirik eman. Ondoren, Mexikotik deitu ninduten Mexi Log Fest txapelketan parte hartzeko; lehen urtea zoritxarrekoa izan zen, taula guztiak apurtuta iritsi zitzaizkidalako bidaiatik, eta hangoek utzi zizkidaten beste taula batzuekin lehiatu behar izan nuen. Hurrengo urtean berriz parte hartu nuen, eta lehen hamasei postuetan bukatu nuen; iaz bederatzigarren sailkatu nintzen. Bilakaera hori ikusita hasten zara konturatzen munduko onentsuenen artean zaudela, eta orduan hasten zara sinesten. Horren harira, entrenamendu saio gehiago egiten dituzu, taulen egiturak eta moldeak gehiago aztertzeari ekiten diozu, arlo guztietan nola hobe dezakezun ikusteko.

Zarautzen ezagunagoak izan dira beti taula motzekin aritu diren surflariak: Aritz Aranburu, Hodei Collazo, Nadia Erostarbe, Ibon Amatriain... Longboarda praktikatzen duzuenak ezezagunagoak zarete, anaia txikia bezala?

Hala da. Historikoki surfa longboardarekin hasi zen, nahiz eta duela hogei urte taula motzen eztanda izan zen eta modu horretan saldu ditugun. Baina, egia esan, Zarautzen betidanik egon da longboarda praktikatu duen jendea –Patxi Pollo eta Konsul, esaterako–. Gainera, erreferente gisa, nire lehengusu Jon Eizagirre ere ibiltzen zen, eta uste dut hortik datorkidala modalitate honekiko grina. Gero eta jende gehiago dabil taula luzeekin surf egiten, gazte asko ari da interesatzen, eta, oro har, surflari gehienak ohartzen ari dira taula jakin bat behar dela olatu mota bakoitzerako; alegia, ezin dela beti taula motza erabili.

Eta zu nola hasi zinen surfeko taulak ekoizten?

Euskal Herriko marka batek egiten zizkidan taulak lehen, Joseba Bernardok; biziki eskertuta nago. Baina taulak nire neurrira doitu nahi nituen momentu bat iritsi zen, izan ere, ez nuen topatzen nire gustukorik. Gainera, taula mota hori eskuratzeko diru asko ordaindu behar nuen denda batean. Orduan, pentsatu nuen lagun batekin taula bat ekoiztea, eta material bila joan nintzen Frantziara. Saltzaileak esan zidan emaitza penagarria izan zitekeela, aurrez inoiz taularik egin ez banuen. Ikastaro bat egin nuen, eta, ondoren, esperimentatzen hasi nintzen, honaino iritsi arte.

Esperimentaziotik marka propioa sortzeraino?

Zaletasun moduan ekin nion; gero, lehengusuak eskatu zidan taula bat egiteko; ondoren, lagun batek... Ahoz ahoko komunikazioari esker, taulak egiten nituela zabaldu zen, eta harrera oso ona izan dut, bai herrian, bai Espainian. Azkenean, eskuz landutako taulak dira, eta nik frogatzen dut taulek olatu gainean funtzionatzen dutela. Beraz, sinesgarritasun hori helarazten dut, eta probatzen duen jendearen aldetik ere feedback ona jaso dut.

Taula luzeak ere egiten ditu Jon Garmendial. (Aritz Mutiozabal)

Munduko Txapelketatik bueltan, lehiara begira, nola duzu egutegia?

Uda sasoia denboraldi gogorra izaten da txapelketei dagokienez. Izatez, asteburu honetan abiatzen zen Espainiako zirkuitua, baina bertan behera utzi dute lehen proba. Hemendik aurrera, ordea, bizpahiru txapelketa izango ditugu hilean, eta horiez gain, jaialdiak izango ditugu han eta hemen; esaterako, Lagan [Bizkaia], Donostian eta Biarritzen [Lapurdi]. Eurpako Txapelketa abuztuan jokatuko da.

Eta zeintzuk dira zure asmoak?

Espainiako Txapelketa irabazi nahiko nuke berriro ere. Ez da erraza izango, gazteak indartsu baitatoz. Bestalde, Europako Txapelketako iazko emaitza hobetu nahi dut. Irabaztera joan behar dut... Lortuko banu, lehen mailako Munduko Txapelketako txartela lortuko nuke. Ez da erraza, baina posible da!