Aritzabatalde kiroldegiko helduen ikastaroetan izena emateko aukera zabalik

Intza Trula 2023ko eka. 4a, 08:48
Aritzbatalde kiroldegia (Aritz Mutiozabal).

Izena eman daiteke Aritzbatalde kiroldegiko 2023-24 ikasturteko helduen ikastaroetarako.

Zabaldu du udalak Aritzbatalde kiroldegian 2023-24 ikasturtean eskainiko dituen helduen ikastaroetarako izena emateko epea. Aurreratu egin dute aurten; ikasturtea amaitu aurretik eman beharko da izena, eta udalak hiru epe zehatz bereizi ditu:

  1. Gaur egun ikastaroetan jada tokia dutenek zuzenean erreserba dezakete ekainaren 1etik 3oera bitartean, eta hau kiroldegiko harreran egin beharko dute.

  2. Gaur egun plazarik ez dutenek, horretarako aukera izango dute ekainaren 15etik 30era bitartean, eta hau kiroldegiko harreran nahiz webgunean egin dezakete (www.kirola.zarautz.eus). Ikastaroren batean eskaintzen den toki kopurua baino eskaera gehiago jasoz gero, zozketa bidez esleituko dituzte tokiak, eta emaitzak uztailaren 12an argitaratuko dituzte. Denbora horretan plaza bat egokitu eta lehenago beste bat erreserbatu duenak, hori baliogabetzeko aukera izango du uztailaren 12tik 19rako tartean. 

  3. Aurreko bi epe horietan betetzen ez diren tokiak eskaera egindako hurrenkeran joango dira osatzen, uztailaren 20tik aurrera, kiroldegiko harreran nahiz webgunean (www.kirola.zarautz.eus).

Aurten, beste urteetan baino lehenago zabaldu dute ikastaroetan izena emateko aukera. Udalak azaldu duenez, "aldaketa hau urteetako esperientzia eta erabiltzaileen ekarpenak kontuan hartuta egin da, erabiltzaileak oporretara joan aurretik guztia kudeatua izateko asmoz. Izena emateko egun nahikoa egon arren, garrantzitsua da garaiz egitea". 

Irailaren 15ean emango zaio hasiera 2023/24 eskaintzari ikastaro gidatuekin. Igeriketa saioak, berriz, urriaren 2an hasiko dira. Horrez gain, haurren ikastaroetan izena emateko epeak ere laster argitaratuko ditu udalak.