'Els encantats' filma emango dute gaurtik astelehenera bitartean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko eka. 3a, 09:00

Haurrentzako zinema emankizunik ez da izango asteburu honetan Modelon. Dena den, haiei zuzendutako antzerkia eskainiko dute bihar arratsaldean.

Elena Trapé zinegile kataluniarrak zuzendutako Els encantats (Los Encantados) filma da asteburuko zinema eskaintza bakarra. Laia Costa aktorea da ikus-entzunezkoaren protagonista, euskal jatorriko Cinco lobitos filmean egindako lanagatik iaz Goia saria irabazi zuen artista, hain zuzen ere.

Oraingoan, banandu egin berri den ama baten papera jorratuko du Costak. 4 urteko alaba aitarekin utzi ondoren, ezinegonak jota dago eta Kataluniako Pirinioetako herri txiki batera joango da lasaitasun bila. Filmari izena ematen dion Els encantats ingurua, hain justu. Bertan, bere beldurrei aurre egiten ikasiko du.

Haurrei zuzendutako eskaintzari dagokionez, zinema emankizunik ez da izango haientzat oraingoan. Nolanahi ere, izango dute entretenimendurik Modelo aretoan, 'Munduari itzulia 80 egunetan' haur antzerkia eskainiko baitu Glu-Glu Produkzioak taldeak bihar 16:45ean.

Ekainak 3, larunbata
19:15. Els encantats (Los Encantados)
22:15. Els encantats (Los Encantados)

Ekainak 4, igandea
19:15. Els encantats (Los Encantados)

Ekainak 5, astelehena (ikusleen eguna)
17:00. Els encantats (Los Encantados)
19:30. Els encantats (Los Encantados)

Ekainak 6, asteartea
19:30. Saio originala: Las ocho montañas (jatorrizko hizkuntzan gaztelaniaz azpititulatuta)