Harri jasotzen marka berria ezarri du Maddi Gesalagak

Aitziber Arzallus eta Nerea Uranga 2023ko eka. 4a, 18:11
Izeta harri jasotze eskolakoak, gaur Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan; tartean, txapelarekin Maddi Gesalaga. (Ibon Errazu)

Urrezko herri kirol jaialdia jokatu da gaur Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan; aizkorako lau final eta harri jasotzeko bi final eta Gesalaga gaztearen erronka jokatu dira. Ainitze Zumeta harri jasotzailea garaile izan da Binakako Emakumeen Harri Jasotze Txapelketan, Zelai III.a bikotekide duela.

Urrezkoen herri kiroleko aizkorako eta harri jasotzeko sei final eta Maddi Gesalaga 14 urteko harri jasotzaile zarauztarraren erronka jokatu dira gaur Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Gesalagaz gainera, beste bost kirolari zarauztarrek ere parte hartu dute herri kirol jaialdian: 15 urtez azpiko mutilen aizkora txapelketako finalean aritu da Jakes Iruretagoiena Izeta V.a; Xabat Olaizola nahiz Mikel Lopetegi Urra Hiru Hamarreko Hari Jasotze Txapelketan; Lierni Osa eta Ainitze Zumeta Binakako Emakumeen Txapelketan. Zumetak gainera txapela lortu du, Karmele Gisasola Zelai III.arekin batera.

Bigarren urtez jarraian, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrarentzat izan da urrezko aizkolarien txapela. Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Iker Vicente otsagabiarra (Nafarroa) izan ditu aurkari 12:00etan hasita Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatu duten finalean. Lan luzera minutu erditik gorako aldearekin iritsi da Iker Vicente, baina 60 ontzako lau enborrak ebakitzen azkoitiarra askoz bizkorrago ibili da. Azkenean, azkoitiarra izan da nagusi; 31 segundora bukatu ditu lanak Larrañagak; eta Iker Vicentek minutu bat eta 24 segundoko atzerapena izan du.

Horretaz gain, Urrezko Aizkolarien 26. Banakako Txapelketa Eusko Label sariaren barruan, aizkorako beste hiru final ere jokatu dituzte gaur Izarraitzen, eta baita Urrezko Harri Jasotze Txapelketako bi final ere. Gainera, harri jasotzeko marka saiakera egin du Maddi Gesalagak

23 urtez azpikoen aizkora txapelketa Hodei Ezpeletak (Eibar, Gipuzkoa), J. Urretabizkaia Basozabalek (Donostia) eta Xuban Kañamaresek (Aroztegi, Nafarroa) jokatu dute, eta Ezpeleta izan da nagusi. 18 urtetik beherakoen txapelketa, berriz, Igon Pikabea hernaniarrarentzat izan da, lanak Unai Etxeberria Osinalde ezkiotarrak eta Kimetz Oñederra Aittola debarrak baino lehenago bukatuta. Horiez gain, hainbat urtean jokatu gabeko aizkora txapelketa bat berreskuratu dute gaurkoan: 15 urtez azpiko mutilena, hain zuzen ere. Jakes Iruretagoiena Izeta V.a zarauztarra, Jon Zaldua zumarragarra (Gipuzkoa) eta Unai Romairone espainiarra aritu dira nor baino nor, eta Zalduarentzat izan da garaipena.

Hiru Hamarreko Harri Jasotze Txapelketan, Paulo Azpiazu osintxuarrak (Bergara, Gipuzkoa) eta Xabat Olaizola nahiz Mikel Lopetegi Urra zarauztarrek neurtu dituzte indarrak, harri errektangularrarekin, zilindroaren eta bolarekin. Urra eta Azpiazu berdinduta heldu dira azken lanera, 41na jasoldirekin. 125 kiloko bolak erabaki behar zuen irabazlea, eta Azpiazuk hamazazpi aldiz altxatu du; Urrak, ostera, hamabostekin konformatu behar izan du. Beraz, Azpiazu izan da txapeldun.

Binakako Emakumeen Harri Jasotze Txapelketan, Karmele Gisasola Zelai III.a mallabiarrak (Bizkaia) eta Ainitze Zumeta zarauztarrak osatutako bikotea izan da garaile. 5.586 kilo jaso dituzte guztira, Lucia Orbe bilbotarra eta Lierni Osa zarauztarrak baino 140 kilo gehiago.

Azkenik, Maddi Gesalaga 14 urteko harri jasotzaile zarauztarrak ehun kiloko bi harriak jasotzeko erronkari helduko dio. Zilindro zaharrari bi jasoaldi eta laukizuzenari jasoaldi bat eman dio Gesalagak, eta horrela, marka berria ezarri du, emakumeetan ez baita bi harriak jaso dituen harri jasotzaile gazteagorik.