Ane Paniagua: "Lehenengo luzea nahiko gogorra egin zaigu, ez gara sentsazio onekin joan"

Onintza Lete Arrieta 2023ko eka. 5a, 08:53
ZAEko neskak traineruarekin, atzo goizean Getariako portuan. (Onintza Lete Arrieta)

Gipuzkoako Traineru Txapelketa etxean jokatu zuten atzo ZAE Zarautz Arraun Elkarteko bi traineruek, eta neskak ez ziren gustura gelditu egindako lanarekin. Hala ere, ilusioz eta baikor dira ligari begira.

Estropada berezia jokatu zuten atzo eguerdian ZAE Zarautz Arraun Elkarteko bi traineruek, etxean aritu baitziren Gipuzkoako Traineru Txapelketan lehian. "Gogo handiarekin" uretaratu zirela azaldu dio HITZAri Ane Paniagua arraunlariak, baina lehen luzean ez zuten asmatu, eta ez du estropadaren balorazio ona egin. Zortzigarren sailkatu zen taldea.

Banderak ez ezik, Euskadiko Txapelketarako txartelak zeuden jokoan, eta lehia estua izan zen gizonezkoetan zein emakumezkoetan. Donostiarrak irabazi zuen emakumezkoetan, eta Hondarribiak, berriz, gizonezkoetan.

"Beroketa ona egin eta gogo handiz gerturatu ginen irteerara. Hala ere, irteera nahiko txarra egin genuen, eta kostatu egin zitzaigun gure arraunkera hartzea; beraz, lehenengo luzea nahiko gogorra egin zitzaigun, eta ez ginen sentsazio onekin joan". Bigarren luzean erosoago sentitu zen taldea: "Ziaboga polita eman eta gero, olatu pare bat hartu eta ondoan geneukan Hernaniko ontziaren aurrean jartzea lortu genuen. Orokorrean, ez zen estropada oso ona izan, baina lanean jarraituz ligari hasiera polit bat emateko irrikaz gaude".