Adur Amatriainek agur esan dio Munduko Surf Txapelketari

Jabi Gonzalez Toston 2023ko eka. 5a, 09:55
Nadia Ersotarbe larunbatean (Jersson Barboza, Isasurf)

Aritz Aranburuk, Nadia Erostarbek eta Keoni Lasak bizirik jarraitzen dute, baina bigarren aukerako kanporaketak ari dira jokatzen.

Zarautzek ordezkari bat galdu du El Salvadorren jokatzen ari diren Munduko Surf Txapelketan; izan ere, Adur Amatriain kanporatu dute bigarren aukerako laugarren txandan. Amatriainek 9.10 puntu lortu ditu bere bi olatu onenekin, baina ez da aski izan aurkariak menderatzeko.

Aldiz, Aritz Aranburuk, Nadia Erostarbek eta Keoni Lasak lehian jarraitzen dute oraindik. Hirurak bigarren aukeran, hori bai, ostiralean ez baitzuten lortu kanporaketa nagusiak gainditzea. Hala, Aranburuk eta Lasak bigarren aukerako bosgarren kanporaketa jokatuko dute gaur eta Erostarbek laugarrena.

Lasa izango da lehenengoa uretaratzen eta Britainia Handiko Stanley Norman, El Salvador bertako Porfirio Miranda eta Costa Ricako Carlos Muñoz izango ditu aurkari. Kanporaketa hori amaitutakoan hasiko ditu lanak Aranburuk eta Joan Duru baionarra (Lapurdi) izango du aurkarietako bat. Marco Giorgi uruguaitarra eta Guilherme Ribeiro portugaldarra izango dira beste biak. Erostarbek, azkenik, Ornela Pellizari argentinarraren, Camilla Kemp alemaniarraren eta Brianna Cope estatubatuarraren aurka neurtu beharko ditu indarrak.