Zarauzko Udalak 20.500 euro bideratuko ditu aurten Kultur arloko dirulaguntzetara eta interesdunek dagoeneko eskatu ditzakete. Udaleko zerbitzu telematikoen bitartez egin beharko dituzte eskaerak, eta hilaren 30era arteko epea dute horretarako.
Kultura departamentuak zehaztu duenez, hiru arlotan bereizi dituzte dirulaguntzak: batetik, kultura jarduerak eta programak; bestetik, kultur trukeko eta senidetzeko jarduerak, eta, azkenik, kultur sormeneko proiektuak: ikus entzunezkoak, arte plastikoak, musika, dantza… Laguntza lerro bakoitzaren berezitasunak ere zehaztu ditu udalak.
Hala, azaldu du herriko irabazi asmorik gabeko kultur nahiz gizarte arloko elkarteek eskatu ditzaketela kultur jarduera edo programetarako laguntzak, baina Zarauztik kanpoko entitateek ere izango dutela aukera beren jardueren zati nabarmen bat udalerrian garatzen bada edo udalerriarentzat interesgarria bada.
Sormen proiektuei zuzenduko laguntzei lotuta, berriz, gutxienez 31 urte dituzten pertsona fisiko edo juridikoek eskatu ahalko dituzte. Taldeak eskatzeko aukera ere izango da, dena den, eta, halakoetan, kideen hiru laurdenek bete beharko dute gutxieneko adinaren baldintza. Gainera, laguntzak jasotzeko aukerak gehiago proiektu berriei eman nahi dizkietenez, aurreko urtean diruz lagundutako proiektu edo jarduera berberek ezingo dute laguntzarik jaso, baldin eta aurrekoen jarraipena ez bada.
Interesdunek Udalaren web orrian aurki dezakete deialdiaren inguruko informazio osagarria eta Kultura jo dezakete zalantzak argitzeko. Horretarako bideak bi dira: telefono bidez 943-00 51 20 zenbakira deituta edo, e-postaz kultura@zarautz.eus helbidera mezua idatzita.