Iñigo Manterolak diseinatu du Realaren elastiko berria

Jabi Gonzalez Toston 2023ko eka. 6a, 09:30
Imanol Manterola eskultorea Imanol Alguacil Realeko entrenatzailearekin batera. (Reala)

Zarautzen bizi den eskultore oriotarrak bolumena eta mugimendua eman dizkio Donostiako futbol taldearen kamisetari. Horretarako, marra txuri urdinak beharrean, barrak sortu ditu.

Iñigo Manterola eskultore oriotarrarena da Realak datorren denboraldian Europan erakutsiko duen elastiko txuri urdina. Txapeldunen ligara sailkatzea lortu ondoren, Donostiako futbol taldeak asteburuan estreinatu du Zarauzko bizilagunaren diseinua denboraldi honetako azken partidan.

Klubak azaldu duenez, Manterolaren lanak "duela urte eta erdi" Eindhovenera egindako bidaian du abiapuntua. Eskultorea bere talde kuttuna animatzera joan zen Herbehereetara eta bertan adierazi zien Realeko ordezkariei aspalditik buruan bueltaka zuen ideia: "Mugimenduaren kontzeptua kamiseta txuri urdinean adieraztea". Realaren hitzetan "liluratuta" geratu ziren proiektuarekin.

Bada, mugimenduaren efektu hori lortzeko kolore zuriaren gainean kokatu dituen barra urdinak sortu ditu artista oriotarrak. Horretarako, eskulturako prozesu askotan bezala, lehenik eta behin, paperean jaso zuen ideiaren oinarria. Ondoren, hiru dimentsiotan marraztu zuen. Hala, "egilearen esentzia eta estilo berezia biltzen duten" eta elastikoari mugimendua ematen dioten bolumendun barra okertuak sortu zituen.

Talde txuri urdinak zehaztu du, halaber, Manterolak herrikide duen Imanol Alguacil Realeko entrenatzailea izan dela kamiseta berria ikusten lehenengoa. Biek umetatik ezagutzen dute elkar eta Alguacilek aitortu du begi onez hartu duela Manterolaren diseinua: "Harritu egin nau, asko gustatu zait"