Zarauzko ordezkaririk gabe geratu da Munduko Surf Txapelketa

Jabi Gonzalez Toston 2023ko eka. 6a, 10:45
Keoni Lasa El Salvadorreko Munduko Txapelketan. (Jersson Barboza, Isasurf)

Aritz Aranburuk, Nadia Erostarbek eta Keoni Lasak ez dute lortu bigarren aukerako kanporaketak gainditzea eta kaleratu egin dituzte.

El Salvadorreko Munduko Surf Txapelketa hasi zenetik egunik txarrena izan zen atzoko euskal surflarientzat, eta zarauztarrentzat ez zen salbuespena izan. Pualine Ado baionarrak soilik lortu zuen aurrera egitea. Gainerako guztiak kanporatu egin dituzte. Tartean, Aritz Aranburu, Nadia Erostarbe eta Keoni Lasa.

Aranburu eta Lasa bigarren aukerako bosgarren kanporaketan izan ziren kanporatuak, atzo jokatu zuten lehenengoan. Biek ala biek 10 puntutik gora bildu zituzten beren bi olatu onenekin, baina ez zen aski izan aurkariak menderatzeko eta hirugarren sailkatu ziren beren txandetan –lehenengo biak sailkatzen dira soilik–.

Nadi Erostarbek, aldiz, bigarren aukeraketako hiru kanporaketa gainditzea lortu zuen: laugarrena, bosgarrena eta seigarrena. Eguneko azkenengoan, ordea, zazpigarrengoan, ez zuen aurrera egitea lortu. Laugarren sailkatu zen 9.17 puntu lortuta. Txanda berean aritu zen Garazi Sanchez getxoztarra ere, baina honek ere ezin izan zuen aurrera egin, hirugarren sailkatu baitzen.