Bizkaia eta Araba kaleko biribilguneak lotzen dituen errepidea moztuko dute bihar

Jabi Gonzalez Toston 2023ko eka. 12a, 09:00
Araba eta Urdaneta kaleak elkartzen dituen biribilgunea. (Zarauzko Udala)

Urdaneta kaleko asfaltatze lanak egiteko itxiko dute eta zirkulazio alternatiboa ahalbidetuko dute trafiko arazoak ekiditeko.

Ibilgailurik ezingo da igaro bihartik aurrera Bizkaia kalean egin berri duten biribilgunea eta Araba kalekoa lotzen dituen errepidetik. Udalak jakinarazi duenez, moztu egingo dute bidea Urdaneta kaleko asfaltatze lanak direla eta. Azaldu dutenez, bi fasetan gauzatuko dituzte lanak: Lehenengoan, Bizkaia kaleko biribilgune berriaren eta Araba kaleko biribilgunearen arteko zatia asfaltatuko dute eta lanek ekaianren 16ra arte irautea espero dute. Bigarrenean, berriz, Araba kaleko biribilgunetik hegoaldera jarraituko dute Lanpardo kaleraino.

Bada, zirkulazio alternatiboa ahalbidetuko da Bizkaia kaletik bidearen mozketak trafikoan izango dituen eragina ekiditeko. Honela, Alde Zaharrera iristeko, Zelai Ondo biribilgunetik hasita Bizkaia kalea zeharkatu beharko dute ibilgailuek. Azken Portura ere Bizkaia kaletik sartu beharko dute, Gurmendi kalearen parean hegoalderantz eginez. Bestalde, Abendañora iristeko, Araba kalea eta Gurmendi kaletik igaro beharko dituzte.