Datorren astean hasiko dira Eraztun Berde Urdineko irteera gidatuekin

Aritz Mutiozabal 2023ko eka. 20a, 09:15
EBUren irteera gidatuak. (Zarauzko Udala)

Iñurritzako Paisaia Natural Babestua, Arkamurka ibilbidea eta Hezeguneen ibilbidea ezagutzeko aukera izango da uda honetan ere. Irteerak doakoak izango dira, baina aurrez erreserba egin behar da Turismo Bulegoan.

Aurtengo udan ere irteera gidatuak prestatu ditu Ingurumen Sailak Eraztun Berde Urdinean –Iñurritzako Paisaia Natural Babestuan, Arkamurka ibilbidean eta Hezeguneen ibilbidean–, herriko gune naturalak ezagutzera emateko eta horiek zaintzeko beharraz kontzientziatzeko.

Irteeretan gune natural bakoitzaren ezaugarriak erakutsiko dira, besteak beste, bertako flora eta faunaren azalpenak, Arkamurka basoa eta Iritako hezegunea berreskuratzeko lanak eta abar. Lehena ekainaren 30ean izango da, 18:00etatik 20:00etara, Hezeguneen ibilbidearena, eta hurrengo asteetan besteen txanda izango da.

Saioak doakoak dira, eta bi hizkuntzatan eskainiko dituzte: euskarazko talde bat eta gaztelaniazko beste bat aldi berean. Bisita gidatuen iraupena bizpahiru ordukoa izango da. Hezeguneen ibilbidea eta Arkamurka ibilbideko irteerak ostiral arratsaldetan gauzatuko dira, bi astean behin, elkarren artean txandakatuta; Iñurritzako Paisaia Natural Babestuko irteerak, berriz, larunbat goizetan egingo dituzte hamabostean behin.

Edukiera mugatua denez, aurrez izen ematea gomendatzen dute, eta horretarako Turismo Bulegoarekin jarri behar da harremenetan (Kale Nagusia, 30 / 943-83 09 90).