Gaur eguerdian zabalduko dute Iñurritzako tren geralekuko pasabidea

Aritz Mutiozabal 2023ko uzt. 14a, 09:30

Azpiko pasabidea irekitzearekin batera, urtebetean iraun duen oinezkoen behin-behineko azpiegitura itxiko dute, eta datorren astean desmuntatzen hasiko dira.

Euskal Trenbide Sareak gaur irekiko du Iñurritzako trenbide azpiko pasagune berria. Goizean goiz oraindik itxita zegoen, azken ukituak emateko falta zitzaizkiolako, baina  iragarri dute 12:00-13:00 alderako zabalduko dute pasabidea.
 
Aldi berean, azken urtean alternatiba gisa erabili den oinezkoentzako behin-behineko pasarela itxi egingo dute, behin tren geralekukoa ireki bezain pronto; sarrera-irteerak zigilatuko dituzte. Desmuntatzen, berriz, datorren astelehenetik aurrera hasiko dira eta astebete inguru iraungo du.
 
Iñurritzako geralekuko lanek, bestalde, beste hamabost bat egun gehiago beharko dituzte, eta datorren hilean amaituko dituzte. Irailaren hasierako martxan jartzea aurreikusten dute.