Zabaldu dute Salberdin iparraldeko urbanizazioa

Jabi Gonzalez Toston 2023ko uzt. 21a, 16:20

Bizkaia kale osoa bere ohiko zirkulaziora itzuli da atzera berriro eta herritarrek dagoeneko inauguratu dituzte paseo eta jolas parke berriak.

Gaurtik erabilgarri dago jada Salberdin eremuko iparraldeko urbanizazioa, eta badira lehenengo pasoak eman dituzten herritarrak, Igerain erreka –herritar askok Rio Peste deitzen zuten errekatxoa– biziberrituaren ondotik eta Amalur parkeko berdegunean. Hori horrela, Bizkaia kaleko zirkulazioa ere itzuli da normaltasunera bi urte inguru itxita eman ondoren. Horrekin batera, Miren Etxabe plaza berria eta bertan dagoen jolas parkea ere inauguratu dute txikiek, baita 450 metroko bidegorria ere bizikletarekin igaro direnek.

Hala eta guztiz ere, oraindik ez dute iparraldeko eremu hori guztiz zabaldu azken lanak amaitzeko dituztelako oraindik. Tartean, trenbidearen eta tren geltoki berriko lanak. Bertan, azpiko pasabidea zabalduko dute Iñurritzan, San Pelaioko geltokia izango denaren azpian, egin berri duten bezalaxe.

Bada, Salberdineko pasabide hori datorren udaberrirako amaitzea aurreikusten dutela zehaztu du Xabier Txurruka alkateak, eta horrek "Azken Portu eta Salberdin, Gaztainperekin eta Lapurdi kaleko bidegorri sarearekin batzea" ekarriko duela. "Tren geltoki berriko lanak amaitzean, Mitxelena kaleko bidegorriak Amalur parkea gurutzatuko du eta Santa Klara kaleko Paxoraino iritsiko da. Gainera, dagoeneko ari gara Villa Munda eta Matxitxako kalea gurutzatuz, Gaztainpe eta Malekoia batuko dituen bidegorriaren aurreproiektua lantzen", azaldu du.

Alkateak gogorarazi du, halaber, 400 bat autorentzako edukiera izango duen lur-azpiko aparkaleku publikoa eraikitzeko lanean ari dela Udala Amakur Parkeko berdegunean, eta lizitazioa "agintaldi honetan" egin asmo dutela jakinarazi du. Aparkalekuekin lotuta, gaur zabaldutako Salberdineko urbanizazioak autoak uzteko beste 150 ditu, dagoeneko erabilgarri daudenak, eta horrek ere, uda sasoi betean, herrian dagoen aparkaleku arazoari erantzuten lagunduko duela azpimarratu du Txurrukak.

Lan guzti horiez gain, Salberdinen hegoaldeko fasea ere aurki abiatuko dute. "Aurtengo bigarren seihilekoan hastea aurreikusten da", argitu du alkateak. Horiek amaitutakoan osatuko dute gaur zabaldu duten oinezkoen eta bidegorrien sarea eta Txurrukak nabarmendu duenez, "Zarauzko erdiguneko birika berde handia izango dena osatuko da, Zarautz hobeago batean denok hobeto bizi ahal izateko".