Zabaldu dituzte Iritako hezegunea eta pasealeku berria

Jabi Gonzalez Toston 2023ko uzt. 25a, 10:45

Panel informatiboa jartzea eta zuhaitzak landatzea falta zaie oraindik, baina herritarrak dagoeneko bertaratu daitezke.

Amaitu dituzte Iritako hezegunea zabaltzeko lanak, eta, ondorioz, Zarauzko Udalak zabaldu du ingurua bisitatzeko eraiki duen pasealeku berria, zubia eta behatokia. Nolanahi ere, zehaztu dutenez, lan gehiago dituzte bertan egiteko oraindik ere. Batetik, hezeguneari buruzko azalpenak emateko panela jarriko dute eta hainbat landaketa ere egingo dituzte. 140 zuhaitz, zehatzago esateko. Udazkenean edo neguaren amaieran egingo dituzte azken lan horiek, orain, uda sasoian, eginez gero, lehortu egingo liratekeelako. Halaber, ehun bat lezka ere jarriko dituzte hezegunean. Dagoeneko landatu dituztenak zuhaixkak dira, 250 orotara.

Hori horrela, atzodanik erabilgarri daude pasealekua eta behatokia, nahiz eta, azken honekin lotuta ere badagoen zer egina. Bista oztopatzen duten hainbat landare hazi dira inguruan, horietako asko inbaditzaileak, eta kendu egingo dituzte. Zentzu horretan, Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak adierazi du "oso zaila" dela espezie horiek ingurutik guztiz desagerraraztea. Horregatik, "mantenu jarraitua" egingo dute eremuan, "esku hartzea ahalik eta txikiena" izango den arren. Gainera, Eraztun Berde-Urdinaren proiektuan ere txertatua dago Iritako hezegunea eta bertatik finantzatu dituzte hezegunea zabaltzeko lanak.

Horren harira, hezegunea zabaltzeko aurrera eraman dituzten lanen garrantzia azpimarratu nahi izan du zinegotziak: "Asko hitz egiten dugu klima aldaketaz eta hasi gara ikusten horren ondorioak zein diren. Bada, horri aurre egiteko ezinbestekoak dira hezeguneak. Itsasgoran urari tokia egiten diete eta CO2a ere xurgatzen dute. Karbonoa xurgatzaileak diren eremuez dihardugunean basoak soilik etortzen zaizkigu burura, baina hezeguneek ere betetzen dute funtzio hori, nahiz eta zuhaitzik ez egon. Gizartearentzat ezezaguna da hori eta arriskuan daude planeta osoan galtzen ari direlako".

Horrez gain, Vazquezek nabarmendu du biodibertsitate aldetik ere oso aberatsak direla: "240 hegazti espezi desberdin identifikatu dituzte Iritako hezegune honetan soilik; izan ere, migrazio prozesuetan geldiunea da askorentzat. Horregatik, egurrezko hainbat egitura utzi ditugu ezegunean hegaztiek bertan jartzeko aukera izan dezaten eta martin arrantzaleentzako habi-kutxak ere jarriko ditugu. Behatokitik hegazti horiek guztiak ikusi ahalko dira. Horretarako jarri dugu, hain justu ere".