"Indarrean dauden salbuespen neurriekin bukatzeko" eskatu du Etxeratek Zarauzko hondartzan egindako mobilizazioan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko abu. 6a, 13:25

Euskal Herriko hamabost hondartzatan egin dituzte gaur eguerdian mobilizazioak Etxeratek deituta, tartean Zarauzko hondartzan.

Etxerat euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarteak deituta, "oraindik indarrean dauden salbuespen neurriekin amaitzeko eta euskal preso, iheslari eta deportatu politikoei aplikatzen jarraitzen zaizkien eskubideen urraketarekin bukatzeko", protestak egin dituzte gaur Euskal Herriko hamabost hondartzatan; tartean, Zarauzko hondartzan.

Aurtengo mobilizazioak izan du berezitasunik; izan ere, lehenengoa izan da preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara gerturatu dituztenetik. Hori dela eta, leloa aldatu dute aurtengo mobilizazioetarako: Etxera! lelopean egin dituzte. Edonola ere, Etxeratek salatu du presoek "oztopoak" izaten jarraitzen dutela etxeratzeko, "salbuespen neurriak eta eskubide urraketak arau direlako oraindik". Bide horretan, gradu aldaketarako trabak dituztela aipatu zuen Arrate Makazaga Etxerateko kideak ekimenaren aurkezpenean: "Egia da preso guztiak Euskal Herriko kartzeletan daudela, baina preso arruntek baino zailtasun gehiago dituzte legez dagokiena izateko".