EAJk "autogobernuan eta aurrerabidean" oinarrituta ekin dio ikasturte politikoari

Aritz Mutiozabal 2023ko ira. 2a, 11:00

Antoniano kiroldegian egin zuen atzo alderdi jeltzaleak ekitaldia. Bertan, Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidenteak Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioa izan zuen hizpide.

Ikasturte politikoa abiatu zuen EAJk atzo arratsaldean Zarautzen. Hasiera batean, malekoian egin asmo zuten ekitaldia, baina eguraldi kaskarra espero zela eta, Antoniano kiroldegira lekualdatu zute hitzordua. Zarauzko Uri Buru Batzarreko presidente Joakin Landak eta Xabier Txurruka alkateak ongietorri lanak egin zituzten bertaratu ziren kargudun publiko nahiz barne-kargudun jeltzaleei.

Ekitaldia EGIko ordezkari Nerea Eguren gazte zarauztarrak ireki zuen, eta EAJko gazteek Euskadiren alde daukaten konpromisoa azpimarratzeko erabili zuen bere hitzartzea. Jarraian, Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek hartu zuen hitza, eta azpirramatu nahi izan zuen "estaturik gabeko nazioak erabaki librearen errespetuzko eszenatoki politiko batera iristea ahalbidetuko duten oinarri demokratikoak" ezartzearen egokitasuna.

Azkenik, Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidenteak hitz egin zuen, eta nagusiki uztailaren 24ko hauteskundeak eta Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioa izan zuen ahotan. EAJk “autogobernuan eta gure herriaren aurrerabidean aurrera egitea ahalbidetuko duen elkarrizketa politikoko prozesu bat benetan irekitzeko” lan egingo duela adierazi zuen: "Horretan saiatuko gara gure energia eta gaitasun politiko guztiekin”. 

Haiekin batera, ekitaldian bertan izan ziren, besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Arantxa Tapia, Gotzone Sagardui, Olatz Garamendi, Bingen Zupiria, Jokin Bildarratz eta Mikel Irujo sailburuak eta EAJ-PNVko hainbat kargun: Aitor Esteban eta Itxaso Atutxa, esaterako.