AP-8ari errei bat gehitzeko obrak bihar hasiko dituzte

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ira. 8a, 13:00
Autoak AP-8 autobidetik Donostiarako nornazkoan, Zarautzen. (Jabi Gonzalez Toston)

Buztinzuri kalearen azpiko pasabidea luzatuko dute autobideko hirugarren erreia zabaltzeko eta milioi bat eurotik gorako kostua izango dute lanek. Irupena, berriz, ia urtebetekoa izango da. Abiatu aurretik eremua egokitu beharko dute asteburuan eta eragina izango du trafikoan, Donostiako noranzkoan. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak bihar abiatuko ditu AP-8 autobideko Donostiako noranzkoan Zarauzko irteera hobetzeko lanak: hirugarren errei bat zabalduko dute eta ordainlekura iritsi 300 metro metro lehenago hasiko da. Era horretara, desbideratzea hartzeko erabaki puntua aurreratzea lortuko dute eta horrek "bide segurtasuna hobetuko du ibilgailuak dagokien erreietan kokatzea erraztuko duelako ordainlekuaren aurreko bideen zabalgunera iritsi aurretik".

Autobideko hirugarren errei hori zabaldu ahal izateko, Buztinzuri kalearen azpiko pasabidea berritu eta luzatu beharko dute eta 1.310.772 eurokoa izango da lanen aurrekontua. Kopuru horri BEZa ere gehitu beharko zaio ondoren, eta 11 hilabetean amaitu beharko dituzte lanak.

Aldundiak zehaztu duenez, Buztinzuriko pasabidearen berritzearen barruan sartzen dira egungo 20 habeetako bat sendotzea, bi ordezkatzea eta beste bi gehitzea errei berria eta bazterbidea joango diren taula instalatzeko. Horrez gain, hormigoi armatua sendotuko dute trenkadan.

Horren aurretik, ordea, lanerako eremua behar bezala prestatu beharko dute, eta, horixe da, hain zuzen, bihar eta etzi artean egingo dutena: Donostiako norabideko bi erreietako errodadura-geruza fresatu eta hormigoizko hesiak jarriko dituzte, lanek irauten duten bitartean langileen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. Horrek eragina izango du trafikoan; izan ere, biharko 16:30etik eta igandeko 10:30 arte, bi erreietako bat itxita egongo da txandaka.

Erlazionatuak