Zarauzko Udal Euskaltegiak ikasturte berriari hasiera eman dio, ohi bezala, eskaintza zabalarekin, "beren euskara maila hobetu edota euskara agiriak lortu nahi dituzten pertsonentzat".
Urtero bezala, 2023-2024 ikasturtean maila guztiak eskainiko dituzte (A1, A2, B1, B2, C1 eta C2) eta aurrez aurreko ikastaroak nahiz autoikaskuntza bidezkoak izango dira. Aurrez aurreko ikastaroei dagokionez, batzuk astean lau egunetakoak izango dira, eta besteak hiru egunetakoak. Autoikaskuntza bidezkoei dagokionez, EuskaraOn euskaltegi birtuala sortu dute, ikasleei etxetik ikasteko aukera emateko, baita bertatik lan egiteko unitateak eskuratzeko ere. Bertan, ikasleek tutoretza saioak izaten dituzte irakasleekin, baita mintzapraktika saioak ere.
Finantziazioari dagokionez, beka sistema eskainiko du aurten ere udalak. Horren bitartez, ikasleek %75eko deskontua izan dezakete matrikulan (ikastaroak erabat doan izango dira langabetuentzat). Berrikuntza moduan, gainera, aurten HABEk C1 maila helburu duten 16-18 urteko gazteei dirulaguntzak emango dizkie.
Interesa dutenek ikastaroetan izena emateko aukera izango dute irailaren 22ra arte. Edozein zalantza izanez gero, 943- 13 11 53 edo 943- 85 50 84 telefonoetara deitu beharko dute, edo euskaltegira bertara joan, Iturribide kaleko 28-30 zenbakietara, 9:00etatik 19:00etara.