Astiko anezka zerbitzuak "harrera oso ona" izan du bere lehen urtean

Mireia Galarza Bastida 2023ko ira. 16a, 10:00

Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak azaldu duenez, lehen esperientzia hau "oso onuragarria" izan da, bai Astiko aparkalekua eta txu-txu trenarekin anezka zerbitzua erabiltzea erabaki dutenentzat, baita zarauztarrentzat ere, aparkaleku bila dabiltzanen trafikoa murriztu delako. Zerbitzuak irailaren 24ra arte jarraituko du martxan.

Uda honetan, anezka zerbitzua jarri dute martxan Asti kirol guneko aparkalekutik erdigunera, eta Zarauzko Udalaren esanetan, ekimenak "harrera oso ona" izan du, 9.000 erabiltzaile ingururi eman baitio zerbitzua, gehienak gipuzkoarrak eta nafarrak. Zerbitzuak irailaren 24ra arte jarraituko du martxan.

Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak azaldu duenez, lehen esperientzia hau "oso onuragarria" izan da, bai Astiko aparkalekua eta txu-txu trenarekin anezka zerbitzua erabiltzea erabaki dutenentzat, baita zarauztarrentzat ere, aparkaleku bila dabiltzanen trafikoa murriztu delako. "Datorren urtean aparkaleku hori izateaz gain, herriaren hegoaldean prestatuko dugun zabalgune berria ere izango dugu, 400 ibilgailu ingururentzako edukierarekin", gehitu du.