Igaro berri den uda sasoiaren balorazioa egin zuen joan zen asteburuan Udal Gobernuak. Igorritako oharraren arabera, denboraldiaren balorazio positiboa egin dutela azaldu zuen Iban San Martin zerbitzuen zinegotziak. EH Bilduren udal taldeak, ordea, hondartzaren kudeaketak "gabezia handiak" izaten jarraitzen duela uste du. Itziar Murua EH Bilduren udal taldeko bozeramailearen hitzetan, zorionez ez da ezbehar handirik gertatu, baina gertatzeko zain egon gabe neurriak hartzea beharrezkotzat jo du.
Koalizioaren hitzetan, "balorazio konformistegia" egin du Udal Gobernuak, eta gogorarazi dute EH Bilduk martxoan proposamen zehatzak egin zituela sorosle zerbitzua hobetu eta bainulariei espazio gehiago eskaintzeko. Besteak beste, proposamen horien artean ziren sorosleen zerbitzua ekainaren lehenean hastea eta zerbitzua 10:30era aurreratzea. Lehenengo eskaera bete arren, "oso modu murritzean" egin zela uste du koalizioak: "Ekainean hasi zen zaintza zerbitzua baina zaindutako puntu eta sorosle oso gutxirekin, eta ordurako jende asko genbiltzan hondartzan. Gure ustetan ez zen inolaz ere nahikoa izan". Ordutegiari dagokionez, berriz, ez da aldaketarik izan, eta 11:00etan hastea "beranduegi" dela uste dute.
Bainularientzat espazio gehiago
Munoa pareko hondartza zatiko zaintzaz egun osoan zehar arduratzea eta bainu egokiturako zerbitzuak ziurtatzea ere galdegin zuten, baina gai horietan hobekuntzarik ez dela izan salatu dute.
Bestetik, surflariei eta bainulariei eskaintzen zaien lekuan "desoreka" dagoela uste dute, eta bainulariei zuzenduriko espazio handiagoak ezartzea ezinbestekoa dela uste dute.
Udal Gobernuaren balorazioan "autokritika gutxi eta hobetzeko gogo eta borondate eza" sumatu dute EH Bildukoek: "Ez da ezer larririk gertatu eta asko pozten gara horregatik, baina gauzak askoz hobeto egin daitezkeela uste dugu. Iban San Martin zinegotziaren adierazpenak irakurrita, badirudi naturak sortutako eta ekidin ezin diren gertaera negatiboak bakarrik izan direla arazo (karabelak eta eguraldia), baina hori ez da horrela", amaitu dute.