Zarautz Bihotzekin lasterketan eta martxa solidarioan parte hartzeko izen-ematea ireki dute

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko ira. 23a, 17:30
2022ko Zarautz Bihotzekin lasterketa. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Urriaren 1erako antolatu du Bihotzetik Sortzetiko Kardiopatien Elkarteak hitzordua Zarautzen. Egitasmoaren barruan lasterketa eta martxa solidarioa egingo dituzte.

Urtero bezala, Zarautz Bihotzekin lasterketa eta martxa solidarioa egingo dituzte urriaren 1ean, datorren igandean, Itxasmendi auzoan. Auzoko jaiak direla aprobetxatuz, Bihotzetik Sortzetiko Kardiopatien Elkarteak hitzordua antolatu du, adin guztietako herritarrei egokitua. Buztinzuri kaleko atletismo pistan emango diote hasiera ekimenari: alde batetik, 5.5 kilometroko lasterketa izango da (11:30ean hasita), eta bestetik 4.9 kilometroko martxa solidarioa (10:30ean) herrian barrena. 

Lasterketan edo martxa solidarioan parte hartu nahi dutenek, izena emateko aukera dute Herri Krosaren atarian. Bestalde, elkarteari lagundu nahi diotenek baina bertan izan ezin dutenek ere ekarpena egin dezakete 10 euro ordainduz eta 0 dortsala erosiz.  

Asteburu horretan Itxasmendi auzoko jaiak direnez, hainbat jarduera izango dira lasterketarekin batera: haurrentzat puzgarriak (10:00etatik 13:00etara) eta herri kirolak (12:45ean hasita), besteak beste.