Itxasmendi auzoan berrabiaraziko dute aste honetan Auzoz Auzo programa

Aritz Mutiozabal 2023ko ira. 25a, 16:00
Pagoeta kaleko jolas parkeko eserlekuak aldatuko ditu udalak (Zarauzko Udala)

Alde batetik, konponketa lanak egingo dituzte auzoko zoladura eta zintarrietan, eta bestetik, Pagoeta kaleko parkearen inguruko eserlekuak aldatuko dituzte.

Auzoz Auzo ekimena berrabiarazi du udalak, eta lehen jarduketa Itxasmendin hasiko dira egiten, aste honetatik aurrera. Zerbitzuetako arduradun eta udal langileek jada egin dituzte bisitak auzora hilabete honetan, eta bertan azterturikoak lantzen hasiko dira.

Alde batetik, Itxasmendiko zoladura eta zintarrietan konponketa lanak egingo dituzte behar diren guneetan, eta bestetik, Pagoeta kaleko parkearen inguruan dauden 24 eserlekuak berrituko dituzte. Horrez gain, lorezaintza eta kale garbiketa zerbitzuek ere esku hartze bereziak egingo dituzte auzoko kale eta lorategietan.

Udalak adierazi duenez, Itxasmendin egin beharreko lanak amaitu ondoren, herriko gainerako auzoetan jarraituko dute programarekin; gune bakoitzeko beharrak aztertzen eta mantenu nahiz garbiketa lanak egiten, alegia.

Horretarako, egitasmo honen barruan, udaleko Herrilan departamentuak biltzen dituen arlo eta zerbitzuak –Udal Brigada, Lorezaintza zerbitzua eta Kale Garbiketa zerbitzua– abian jarriko dituzte. "Lan egiteko era honek auzo bakoitzak izan ditzakeen beharretara hobeto moldatzeko aukera ematen digu, auzo bakoitzaren ezaugarrietara egokituz", adierazi du Iban San Martin Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.

Halaber, “zerbitzu hauek herri guztian zehar emateko diseinatzen diren arren, auzo bakoitzeko xehetasunetara iristeko aukera ematen digu auzoz auzo programak”, gaineratu du San Martinek.