Hainbat oroimen ekitaldi egingo dituzte bihar Gudari Egunean

Maialen Etxaniz 2023ko ira. 26a, 12:30
Gudari Eguneko ekitaldia hilerrian. (Aritz Mutiozabal)

Francoren erregimenak fusilatutako azken bostak oroitzeko ekitaldia egingo dute eguerdian Zarauzko hilerrian. Arratsaldean, berriaz, ohiko ekitaldia izango da Villa Manuelako frontoian.

Bihar, irailaren 27an, 48 urte beteko dira Francoren erregimenak Juan Paredes Manot Txiki, Angel Otaegi eta FRAPeko Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena fusilatu zituela. Urteurren horren harira, aurten ere hainbat oroimen ekitaldi antolatu dituzte eskualdean.

Zarautzen, urtero bezala, hilerrian elkartzeko deia egin du Ahaztuak 1936-1977 elkarteak, eta han egingo dute ekitaldia eguerdian, 12:00etan hasita. Horrez gain, 19:00ean ere ohiko ekitaldia egingo dute, Villa Manuelako pilotalekuan, Independentzirako indarra lelopean.