Urola Kostako Etxebizitza Sindikatua sortu du Kontseilu Sozialistak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ira. 27a, 11:20
Etxebizitza Sinidikatu aurkezteko atzo Gaztelekuan egin zuten agerralia. (Urola Kostako Kontseilu Sozialista)

Etxebizitzaren problematikaren aurrean autodefentsa sozialista antolatzeko tresna izango da eta kalitatezko etxebizitza, doakoa eta unibertsala lortzea izango du helburu.

Kalitatezko etxebizitza, doakoa eta unibertsala lortzeko bidean, Kontseilu Sozialistak ezinbesteko jotzen du estatu sozialista eraikitzea, eta, helburu horrekin egingo du lan, hain justu ere, sortu berri duten Urola Kostako Etxebizitza Sindikatuak. Atzo aurkeztu zuten Gaztelekuan hainbat herritarren aurrean eta sindikatura batzeko deia egin zuten "bizi dugun egoerari zein babesgabetasunari aurre egin ahal izateko eta gizarte kapitalista gainditzera bidean indarrak batzen joateko".

Urola Kostako Kontseilu Sozialistako kideek azaldu zutenez, iaz hasi zuten eskualde mailako Etxebizitza Sindikatua sortzeko bidea: "Pasa den ikasturtean jarri genuen martxan etxebizitzako asanblada orokorra, eta tresna honen bitartez etxebizitzaren auzi gordinari erantzuteko baliabide zein esperientziak metatzen joan gara". Hala, sindikatua sortzea erabaki dute, esan bezala, "etxebizitzaren esparruari dagokion autodefentsa sozialista antolatzeko".

Zentzu horretan, etxebizitza arazoaren atzean dauden faktore guztien zerrenda ere egin zuten: "soldaten degradazioa, prezioen igoera arbitrarioa, jabe txiki zein handien inpunitatea, presioak, mehatxuak, etxebizitzen kalitate jaitsiera eta abar". Horiek guztiak, "proletalgoaren egunerokotasunean parte" direla nabarmendu zuten.