Omenaldi ekitaldia egin dute Gudari Egunez Manuelako frontoian

Aritz Mutiozabal 2023ko ira. 28a, 11:30

Xenki, Txiki, Piru eta Tapi izan zituzten beste urte batez gogoan, eta loreak eskaini zituzten herritarrek haien omenez.

Ezker abertzaleak antolatuta, Gudari Eguneko ekitaldia egin zuten atzo arratsaldean, Villa Manuelako pilotalekuan, Independentzirako indarra lelopean. Urtero bezala, Xenki, Txiki, Piru eta Tapi izan zituzten gogoan bertaratu ziren dozenaka herritarrek, gerbera loreak eskuetan zituztela.

Ekaitz Sirventek egin zuen aurtengo irakurtaldia, eta jarraian, bi dantzarik agurra dantzatu zuten herriko lauen aurpegiak ikus zitezkeen kartelaren aurrean. Elkarrekin Lau gudari abestia kantatu ondoren, Manuelako lorategiko oroitarriaren ondoan utzi zituzten loreak bertaratutakoek, xingola beltza zeraman Ikurrinaren gainean. Omenaldi ekitaldia Eusko gudariak abestuz biribildu zuten.