Gogoa eta bizipoza Itxasmendiko jaietan

Aritz Mutiozabal 2023ko ira. 30a, 14:00

Goizean zehar, haurrei zuzendutako txokoa jarrai dute, eta tenis txapelketako finalak jokatzeaz gain, hiruko jaurtiketen lehiaketa herrikoia egin dute. Oro har, eguraldia lagun, sekulako giro ona sortu da auzoan.

Gogotsu hasi dira ospatzen auzoko jaiak Itxasmendin. Atzoko parrillada eta rock kontzertuari segida emateko, egitarau betea dute gaurkoan bizilagunek, eguraldi ederra lagun, gogotik gozatzeko. Goizean goiz hasi dira martxan, eta kirol txapelketak eta haurrei zuzendutako aisialdirako ekintzak izan dituzte.

Alde batetik, hilabetean zehar jokatu den Itxasmendi Tenis Txapelketako finalak jokatu dira, eta aldamenean, saskibaloiko joko eremuan, hiruko jaurtiketen lehiaketa herrikoia egin dute, adin ezberdinetako parte hartzaile zabalarekin. Egundoko giro ona sortu da ekitaldian, gainera.

Bestetik, haurren txokoa jarri dute Itxasmendi auzo elkartearen kanpoko parkean. Bertan, marrazki lehiaketa egin dute, buruhandien tailerra eta eskulanak izan dira, eta aurpegia margotzeko parada ere izan dute neska-mutikoek. Ondoren, kalejira gerturatu dira auzo elkartetik Itxasmendira.

Eguerdian auzo bazkaria egingo dute, auzoko kirol pistan ezarritako karpa barruan, eta arratsaldean jarraituko dute ekintzek. Gaztetxoei zuzendutako lasterketak, ginkanak, txokolatada eta kalejira izango da. Iluntzean, berriz, dantzaldia Fan&Go taldearekin.