Abian da 2024ko udal aurrekontuak lantzeko parte hartze prozesua

Aritz Mutiozabal 2023ko urr. 2a, 11:00
Partaidetza zinegotzi Leire Arana, Portuetxe ondoan jarritako postontzi ondoan. (Zarauzko Udala)

Guztira, zazpi bilera egingo dituzte herriko auzo ezberdinetan, eta lehen hitzordua bihar arratsaldean izango da;  Zelai Ondo, Aritzbatalde, Mitxelena eta Salberdingo bizilagunak bilduko dira.

Azken urteetako dinamikarekin jarraituz, datorren urteko udal aurrekontuak lantzeko parte hartze prozesua jarriko du martxan Zarauzko Udalak aste honetatik aurrera. Guztira, zazpi bilera deitu dituzte herriko auzo ezberdinetan, bihartik hasi eta urriaren 25era arte, bizilagunen beharrak eta nahiak ezagutze aldera, eta haien proposamenak jasotzeko asmoz.

Astea honetan bi bilera egingo dituzte: lehena bihar izango da, 18:30ean, Aritzbatalde kiroldegiko aretoan, Zelai Ondo, Aritzbatalde, Mitxelena eta Salberdingo bizilagunekin; eta bigarrena, ostegunean, ordu berean, Azken Portu eta Santa Klara bizilagunekin, Santa Klarako bizilgunekin.

Hilabetean zehar antolatutako bileretara joateko aukerarik ez duten herritarrek bi aukera izango dituzte aurrekontuen nahiz herriko proiektuen inguruan haien proposamenak helarazteko. Alde batetik, postontziak jarri dituzte herriko hainbat txokotan, urtero bezala: Vista Alegre auzo elkartean, Etxezabala eta Portuetxen, Sanz Enean, Udal Euskaltegian, Azken Portuko Kristau Biltokian, Aritzbatalde kiroldegian eta Iñurritzako auzo elkartean, hain zuzen ere. Bestetik, telematikoki ere egin ahal izango dira, partehartu@zarautz.eus posta elektronikora mezua bidalita. Urriaren 31 bitartean egongo da postontzietan eta telematikoki  proposamenak egiteko aukera.

Parte hartze prozesu honen garrantzia azpimarratu nahi izan du Partaidetza zinegotzi Leire Aranak. “Aurten ere aurrez aurreko bilerak antolatu ditugu, herritarrei udalaren egoera ekonomikoaren berri eman eta 2024 urterako eskuartean ditugun proiektu nagusienak azaltzeko", zehaztu du zinegotziak. Zentzu horretan, "guretzat oso garrantzitsua da zarauztarrek dituzten proposamen eta iritziak entzun eta jasotzea, eta auzoz auzo bilerak egiteko formatuak aukera ematen digu, era berean, auzo bakoitzeko beharrak banaka ezagutzeko", nabarmendu du.


Auzoz auzoko bilerak

  • Urriak 3, asteartea:  Zelai Ondo, Aritzbatalde, Mitxelena eta Salberdin. 18:30ean, Aritzbatalde kiroldegiko 8. aretoan (sarrera Araba kaletik). 
  • Urriak 5, osteguna: Azken Portu eta Santa Klara. 18:30ean, Santa Klarako elizan.
  • Urriak 10, asteartea: Itxasmendi. 18:30ean, Itxasmendiko Auzo Elkartean.
  • Urriak 17, asteartea: Urteta. 20:00etan, Urtetako elkartean.
  • Urriak 19, osteguna: Vista Alegre eta Hiruerreketa. 18:30ean, Vista Alegreko Auzo Elkartean.
  • Urriak 24, asteartea: Iñurritza, Mendilauta eta Talaimendi. 18:30ean, Iñurritzako Auzo Elkartean.
  • Urriak 25, asteazkena: Alde Zaharra. 18:30ean, Portuetxeko pleno aretoan.