Jarri dituzte AP-8ko zarata isolatzeko pantaila akustikoen zutoinak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urr. 3a, 10:00
AP-8 utobidean, Zarautz parean, jarri dituzten zutoinak pantaila akustikoei eusteko. (Zarauzko Udala)

Otsailean hasi zituzten obrak eta horma prefabrikatuak jartzea izango da hurrengo urratsa. Udaberrian amaitzea aurreikusten dute.

AP-8 autobideko trafikoak Zarautz parean sortzen duen zarata isolatzeko lanek aurrera jarraitzen dute. Hala, autobidean jarriko dituzten pantaila akustikoei eusteko zutoinak kokatzeko lanak amaitu dituzte jada, eta pantaila horiek jartzea izango da datozen hilabeteetako zeregina, hain justu ere.

1.382 metroko horma prefabrikatua da zehazki eraikitzen ari direna, hesi akustikoa jarraitua izango baita. Zarauzko zenbait auzoetan eragiten dituen eragozpenak arintzea lortuko dute. Gainera, pantailak ez ezik zuhaitzak ere landatuko dituzte autobidearen eta etxebizitzen artean dauden belardietan zarataren inpaktua are gehiago murrizteko.

Zehaztu dutenez, udaberrira arte luzatuko dira otsailean abiatu zituzten lanak; izan ere, hamalau hilabeteko epean gauzatuko zituztela aurreikusi zuten. Lanen kostua, berriz, 3.265.768 eurokoa izango da (BEZa kontuan hartu gabe) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hartuko du bere gain oso-osorik.