Mikel Goenagak eta EAtik botatako beste lau buruzagiek afiliatu izaera berreskuratu dute

Aitziber Arzallus 2023ko urr. 6a, 16:04
Mikel Goenaga.

Eusko Alkartasunak, "bat ez etorri arren", epaia ontzat ematea eta epaileak agindutakoa betetzea erabaki du, eta ondorioz, bost kideek afiliatu izaera berreskuratu dute "beren eskubide eta betebeharrekin". Goenagak berri ontzat jo du beren aldeko epaia, beste behin azpimarratuz Eva Blancoren zuzendaritzak eurak alderditik kanporatzeko erabakiak ez zuela inolako oinarririk.

Eusko Alkartasunako (EA) zuzendaritzak duela urte eta erdi alderditik bota zituen bost kideak –Mikel Goenaga zarauztarra, Maiorga Ramirez, Iratxe Lopez Aberasturi, Miren Aranoa eta Esther Korres– berriz ere alderdiko afiliatu dira, epailearen aginduz. Eva Blancok gidatutako alderdiaren zuzendaritzak hartutakoa "erabaki baldarra" izan dela dio Arabako Lurralde Auzitegiak kaleratu duen ebazpenak, eta alderdia behartu du kanporatutako bost kideei ezarritako lau urteko zigorra bertan behera uztera eta berriz onartzera "beren eskubide eta betebeharrekin".

EAk erabaki du epaiari helegiterik ez aurkeztea, eta beraz, epaia ontzat eman eta epaileak agindutakoa betetzea. "Nahiz eta epaiarekin bat ez etorri, alderdiaren zuzendaritzak uste du Eusko Alkartasunarentzat onuragarriena gai hau amaitutzat ematea eta aurrera begiratzea dela", adierazi du alderdiak. Hori bai, nabarmendu du epaileak ez duela ukatu alderdiaren zuzendaritzak zigortuei egotzi zizkien "diziplina falta larriak" gertatu zirenik.

Goenagak, noski, berri ontzat jo du beren aldeko epaia, beste behin azpimarratuz Eva Blancoren zuzendaritzak eurak alderditik kanporatzeko erabakiak ez zuela inolako oinarririk. "Orain diote epailea ez dela sartu sakoneko arrazoiak aztertzera eta forma kontuengatik baliogabetu duela erabakia, baina zer aztertuko du sakonean, akusazio zehatzik sekula ez badute egin?", galdetu du. Defendatzeko aukerarik sekula ez dutela izan gaitzetsi du Goenagak. "Paretik kendu gintuzten alderdi barruan egin nahi zituzten maniobretarako oztoporik izan ez zezaten; hori da azalpen bakarra".

Orain, afiliatu izaera eskubide eta betebehar guztiekin berreskuratuta, lanean jarraitzeko asmoa adierazi du zarauztarrak. "Afiliatu izaera ukatu bazitzaigun ere, lan egiteari sekula ez diogu utzi, eta aurrerantzean ere horretan jarraituko dugu. Alderdi barruan ditugun arazoak konpontzera bideratuko ditugu gure indarrak. Militantziari hitza eman behar zaiola uste dugu, militante bakoitzari boto bat emanda, eta horrela erabaki nor izango den alderdiko idazkari nagusia".