Ana Murugarrenek "harrotasunez" jaso du Mario Onaindia Saria

Mireia Galarza Bastida 2023ko urr. 7a, 17:00

Gaur eguardian jaso du saria, Zazpin. Bertan izan dira, besteak beste, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusia edo Joaquin Trincado zinema ekoizlea. 

Gaur eguardian banatu dute, urtero legez, Mario Onaindia Saria. Zazpin izan da sari banaketa, eta bertan elkartu dira hainbat herritar. Aurpegi ezagunik ere izan da, besteak beste, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusia edo Esozi Leturiondo Onaindiaren alarguna.  

Protagonismoa gaurkoan, ordea, Ana Murugarren zinegile nafarrak izan du nagusitasun osoz. Izan ere, berak jaso du sariketaren hamahirugarren edizioko aitortza. Murugarrenek hitz egin aurretik, ordea, beste aurpegi batzuek eman dituzte azalpenak, hain zuzen ere, Teresa Zarcok, Ramon Bareak -bideo bidez adierazi ditu hitzak- eta Joaquin Trincadok. Guztiek azpimarratu dute Murugarrenen profesionaltasuna, eta gaineratu dute beti dela "plazera" berarekin lan egitea. Jarraian Felipe Juaristik eta Juan Ramon Unamunok musika eta olerkia uztartu dituzte. 

Nafarrak irrifartsu jaso du saria Leturiondoren eskutik, eta "oso eskertuta eta harro" agertu da. Murugarrenek 2011. urtean zuzendu zuen Mario Onaindiari buruzko El precio de la libertad telesaila, eta hori gogoratu nahi izan du bere hitzartzean. "Asko ikasteko balio izan zidaten grabaketa horiek, eta horregatik, sari hau Mariori berari eskaini nahi diot", esanaz amaitu du bere hitzalditxoa.