Lasa eta Zabala biktima gisa aitortzeko eskatu dute senideek

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urr. 10a, 10:45
Pili Zabala, hirugarrena ezkerretik hasita, larunbatean Bustoten, haren neba Joxi Zabalari eta Josean Lasari eskainitako omenaldian. (Tolosako Udala)

GALek duela 40 urte eraildako bi tolosarrak omentzeko ekitaldia egin dute asteburuan Busoten, gorpuzkiak aurkitu zituzten lekuan, Egiari Zor Fundazioak antolatuta. Bertan, Zarautzen bizi den Pili Zabalak, Joxi Zabala zenaren arrebak hartu du hitza.

40 urte bete dira jada GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala tolosarrak hil eta Alacanteko Busot herrian (Herrialde Katalanak) lurperatu zituenetik eta haiek omentzeko baliatu zuten urteurren borobila joan den larunbatean. Egiari Zor Fundazioak antolatu zuen ekitaldia eta Busoten egin zuten, hain zuzen ere. Euskal Herritik joandako 50 lagun inguru bertaratu ziren orotara, tartean Lasa eta Zabalaren hainbat senide, eta lore eskaintza batekin oroitu zituzten bi gazte tolosarrak. Horrez gain, algarrobo bat landatu zuten.

Pili Zabala Joxi Zabalaren arreba eta Zarauzko bizilaguna izan zen bertaratu zen senideetako bat, eta hitza ere hartu zuen omenaldian, gainera. Zarauzko bizilagunak "hurbilketa zintzoa" egiteko eskatu zion Espainiako estatuari, han gertatutakoa aitortzeko eta haren neba eta Lasa "biktimak" direla onartzeko. Azaldu zuenez, algarroboaren bidez "etorkizun baketsu bat" irudikatu nahi izan zuten.

Ildo beretik, Egiari Zorrek sare sozialetan salatu zuen 40 urte igaro badira ere Lasa eta Zabala oraindik ez dituztela "terrorismoaren biktima" gisa aitortu. Hori horrela, dei egin zioten Espainiako Gobernuari "Estatu terrorismoak eragindako giza eskubideen urraketa guztien erantzukizunak bere gain har ditzan eta eragindako mina aitor dezan". Horrekin batera, nabarmendu zuten sekretu ofizialen legeak babesten duen dokumentazioa "argitara atera" behar duela gobernuak, "giza eskubideen kontrako jarduerei sekretupean eustea biktimei eskubideak ukatzea delako, inpunitatea iraunkor egitea eta estatu-bortxa legitimatzea".