Trenbide azpiko pasabide berria hasi da itxura hartzen

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urr. 14a, 10:00
Salberdin eta Gaztainpe kalea lotuko dituen pasabidearen obrak. (Aritz Mutiozabal)

Salberdin eta Gaztainpe kalea lotuko dituen azpibidearen egitura jarri dute jada eta oinezkoentzako bideari ere forma eman diote. Nolanahi ere, hilabeteetako lana izango dute aurretik oraindik.

Zarauzko tren geltoki berria eraikitzeko lanek aurrera jarraitzen dute, eta Gaztainpe plazaren inguruan hasi dira emaitzak pixkanaka antzematen. Hala erakusten du geltokiaren azpian kokatuko den pasabidearen egiturak; izan ere, jarri dute jada. Salberdin eta Gaztainpe kalea lotuko ditu azpibideak.

Lanak aurrera eraman ahal izateko iazko martxotik itxita dagoen zonaldea ere hasi da itxura hartzen: oraindik asfaltatzeko dauden oinezkoentzako nahiz bizikletentzako bideek izango duten forma irudikatu daiteke; izan ere, ibiltoki zabalak eraiki dituzte. Horrez gain, hilabeteetako lanen ondorioz pilatutako obra-hondakinak desagertu dira.

Nolanahi ere, oraindik zehazteke dago noiz irekiko duten pasabide berri hori, tren geltoki berriko lanak amaitzeko hilabeteak falta baitira oraindik. 2021eko udan hasi zituzten eta 29 hilabeteko epean amaitzea aurreikusi zuten.

Gaztainpe plaza iazko martxoan. (Aritz Mutiozabal)