Palestinaren aurkako Israelen erasoa salatzeko protesta egingo dute

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urr. 11a, 09:30
Palestinari babesa adierazteko atzo Bilbon egindako protesta. (@BDSBizkaia)

Urola Kostako Kontseilu Sozialistak egin du deia eta 19:30ean jarri dute hitzordua Lege Zaharren Enparantzan. Mendebaldeko herrialdeen konplizitatea ere gaitzetsiko dute eta babesa adieraziko diete palestinarrei.

Urola Kostako Kontseilu Sozialistak deituta, elkarretaratzea egingo dute gaur 19:30ean Lege Zaharren Enparantzan. Israelgo estatuak Palestinaren aurka abiatu duen ofentsiba militarra eta mendebaldeko herrialdeen konplizitatea salatuko dute, batetik, eta, palestinar herriari elkartasuna adieraziko diote, bestetik.

Hamasek asteburuan Israelen egin dituen erasoen ondoren nabarmen egin du gora tentsioak ekialde hurbilean. Israelek gerra egoera deklaratu du eta haren armadak erabat blokeatu du Gaza.

Zarauzkoa ez da Euskal Herrian deitu duten protesta bakarra Palestinan gertatzen ari dena salatzeko, atzo hainbat hiriburutan ere egin zituzten. Iruñean, Bilbon eta Donostian, hain zuzen ere, eta gaur Gasteizen ere egingo dute. Eskualdeko herri gehiagotan ere deitu dituzte, gainera, Azpeitian Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak deituta egingo dute gaur arratsaldean, eta, Zumaian herriko hamar eragilek deituta Genozidioa gelditu. Palestina aurrera! lelopean. Bihar, berriz, Zestoan egingo dute protesta Gazte Asanbladak deituta.