Protesta gisa hasitakoa, jai iraunkor bihurtua

Aritz Mutiozabal 2023ko urr. 20a, 10:00
Zimarrak kuadrillako Modesto Garcia Trula eta Carlos Santiso. (Aritz Mutiozabal)

40 urte betetzen dira aurten Kuadrilla Eguna lehen aldiz antolatu zenetik. Herriko hainbat kuadrillatako jendearen ekimenez sortu zen; tartean ziren Santiso eta Garcia Trula.

Carlos Santiso eta Modesto Garcia Trula kuadrilla berekoak dira, Zimarrak izeneko lagun taldekoak. Gaztelaniazko cima hitzetik dator; hau da, gailurra da izenaren esanahia. "Kontua da kide guztiok luzeak eta handiak ginela, eta sartzen ginen tokira sartzen ginela, arreta pizten genuela". Sasoi hartan kuadrilla guztiek zuten izena, eta elkar ezagutzen zuten kaleko bizitza oparoa zelako. Hain zuzen, kaleari bizitza ematen zioten lagun talde haiek sortu zuten duela 40 urte Kuadrilla Eguna.

"Bilera bat egin genuen garaiko liburutegian, DYAko lokalaren gainean. Jendea ezagutzen jan ginen, eta herria apur bat hilda zegoela aipatzen genuen geure artean, baita zer egin genezakeen horren aurrean ere. Gainera, jaietarako kanpoko eragile bat kontratatu zuen udalak", gogora ekarri du Santisok. Izatez, Kuadrilla Eguna "protesta gisa" sortu zutela dio Garcia Trulak, "herriko jaietako egitarauan parte hartzen uzten ez" zietelako.

Herriko jaiak "ataskatuta" zeudela oroitzen dute: "Dena oso monotonoa zen. Abuztutik Gabonak bitartean, Euskal Jaiak salbu, ez zegoen ezer herrian. Azken finean, egungo gazteria kexatzen den gauza beragatik kexatzen ginen gu, turistentzako ekitaldi gehiago egiten zirelako guretzat baino, alegia. Aldameneko herrietan, Zumaian eta Orion, giro herrikoiagoa zegoen, eta, hala, poteatzen ibiltzen ginen kuadrilla gazteak elkartzea erabaki genuen". 

Gaia gehien mugiarazi zuena Luis Mari Urruzola Gantxi zena izan zen. "Oso ezaguna zen herrian, eta saltsa guztietako perrexila zen", Garcia Trularen esanetan. Santisok dio hura hasi zela eguna sustatzen, eta berarekin harremanetan jarri zela giroa sortzeko eta gainerako kuadrillak animatzeko. "Egunkarian ohar bat jarri genuen bilerarako deialdia eginez, eta pixkanaka-pixkanaka, jendea gehitzen joan zen. Gisa horretan, batzorde moduko bat osatu genuen, eta aurrera jarraitu genuen, ostalaritzakoekin, udaleko ordezkariekin eta Turismo Bulegoko arduradunekin elkartuz. Horrela, gerra ematen hasi ginen".

Hasierako batzorde hartan, besteak  beste, ondorengo lagunak zeuden: Gantxi, Santiso, Garcia Trula, Patxi Larrañaga, Elias... "Klase eta kolore askotako jendeak egin genuen bat. Politika bor-bor zebilen garai hartan, baina gure egitasmoan ez zegoen halakorik. Helburu nagusia herria animatzea zen, oso motel eta gatzik gabe zegoelako. Horregatik, egun bat antolatzea otu zitzaigun horri aurre egiteko", aditzera eman du Garcia Trulak.


Blusen arrakasta

Behinola blusak erabili izan ziren jai batzuetan, baina ez zuten luze iraun. Halaxe kontatu du Santisok, eta ideia hori berreskuratu nahi izan zuten, baina adin guztietako zarauztarren artean, "denek parte har zezaten" jaiegunean: txikienak eta helduak elkarrekin eta banatu gabe ibiltzeko. "Horretarako, blusaren ideia proposatu genuen, mozorrotuta kalera atera, lotsak atzean utzi eta festaz goza zezaten".

Hasierako urte haietan apenas eduki zuten aurrekonturik, udalak diru laguntzarik ematen ez zielako. Orduan, ostalaritza guneetara joaten ziren dirua eskatzera eta sari bezala erabil zezaketen edozeren bila. "Lau xanpain botila, bada ongietorriak!", esan du Santisok. Izan ere, hainbat proba antolatzen zituzten kuadrillen artean lehia sanoa sustatzeko: txinga proba, sokatira, asto lasterketa... "Lortzen genituen gauzak opari bezala erabiltzen genituen gero".

Egun horretan klasikoa den goitibeheren jaitsiera, aldiz, ez zen beraien ekarpena izan: "Guk utzi eta ondorengo belaunaldiek gehitutako jarduera izan zen". Beraiek gehiago antolatu izan zituzten herri kirolak, haurrentzako jarduerak eta mozorro lehiaketak, eta behin zezen txikiak ere atera zituzten hondartzan. 

Ondoren, Turismo Bulegoa harremanetan jarri zen jai batzordearekin, egitaraua elkarrekin osatzeko; eta ez hori bakarrik, sanpelaioetarako ere bai. Hortik dator ekainaren amaierako jaietan blusa janztearen ohitura. Helduen danborrada berreskuratzeko lanetan ere parte hartu zuten, gainera. Hamar urtez buru-belarri aritu ondoren, belaunaldi berriek hartu zuten lekukoa. "Baina gaur egun badirudi ia hasiera hartan bezala gaudela, kaleko giroa asko galdu baita", adierazi dute.