Eduki babestua

10 urte, eta saskiak bete-bete

Erredakzioa 2023ko urr. 20a, 15:00

10 urte bete ditu Errigorak, eta horri keinu egiten dio udazkeneko kanpainaren leloak: ‘10 urte bete-bete’. Saski bakarra izango da, eta azaroaren 9ra bitartean eska daiteke.

Errigoraren udazkeneko kanpaina martxan da. Urtero moduan, Urola Kostan ere saskiak eskatzeko eta jasotzeko aukera izango dute herritarrek. Aurtengoan berezitasun nagusi bat izango du kanpainak: 2003an jaio zen Errigora, eta beraz, 10. urteurrena ospatzen ari dira. Hortik dator aurtengo kanpainaren leloa ere: 10 urte bete-bete.

Eta urteak bakarrik ez, saskiak ere bete eta bete jarraitzen du Errigorak: guztira, 130.000tik gora saski bete dituzte urteotan, helburu bakar batekin: “Nafarroa hegoaldekoak diren produktuak Euskal Herrian zehar zabaltzeko eta zonaldeko euskalgintzari ekarpena egiteko xedez”. Saskiez gain, euskalgintzaren zakua ere oparo bete dute: 1.800.000 euro bildu dituzte salmentek emandako mozkinekin.

Hamarkada berriari ekiteko, baina, era berean, hastapenei keinu egiteko baliatu nahi du Errigorak aurtengo udazkeneko kanpaina, eta hasieran egin ohi zuten moduan, saski bakarra eskainiko dute herritar guztientzat. “Sorrerako saskiaren modukoa da, eta aldi berean, joera berrikoa”, adierazi dute. Informazio zehatza eskuratzeko eta eskaera egiteko aukera errigora.eus webgunean izango da. Gaurtik azaroaren 9ra bitartean eskatu ahalko dira Nafarroako produktuekin osatutako saskiak, 50 euroan.

23 ekoizleren bederatzi produktu ekologiko izango dira saskian. Produktuak dendan erosiko liratekeen prezioan eskura ditzakete saskia erosten dutenek, eta era berean, egindako ekarpenaren %25 Nafarroa erdialdeko euskalgintza sustatzera bideratuko dute. “Aurtengo edizio berezian inoizko gehien bete nahi dugu zakua”, adierazi dute Errigoraren sustatzaileek 10. urteurrenean.

Eskaerak

Saskiak eskatzeko epea: azaroaren 9ra artekoa da.

Internetez edota eskura. Internetez errigora.eus webgunean edo kanpainako eskuorriak dakarren inprimakia betez, tokian tokian kanpaina egiten duten boluntarioen bidez.

Saskiak jasotzeko: Alprojaren lokalean (Urdaneta bidea 13-15 arteko pasilloa), azaroaren 23an, 16:00etatik 18:00etara, eta azaroaren 24an, 11:30etik 13:30era.

*Inork bertaratu ezingo balu, eskertuko lukete abisatzea.