Zirika Euskara Elkarteak azaroaren 4ko manifestaziora joatera deitu ditu herritarrak

Onintza Lete Arrieta 2023ko urr. 24a, 13:30
Uztailean udaletxe aurrean euskarararen alde egindako protesta bateko irudia. (Aritz Mutiozabal)

Autobusa Lurraldebusekin hartuko dute, eta horretarako, nork bere txartela erosi beharko du lotura honetan edo autobus geltokiko makinan. Txartela lehenbailehen hartzea eskatu dute, autobusa betetzen bada bigarren bat jarri ahal izateko.

Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen alde manifestatzera deitu du euskal gizartea azaroaren 4an Bilbon, eta deialdi hori bere egin du Zirika Euskara Elkarteak. Zarauztarrei eskatu die parte har dezatela protestan, eta jakinarazi du herriko autobusa Lurraldebusekin hartuko dutela.

Hala, norberak hartu beharko du bere txartela atari honetan edo autobus geltokiko makinan. Azken bide hau baliatu nahiago dutenek kontuan izan beharko dute, hori bai, azaroaren 1etik aurrera soilik izango dutela txartelak makinan erosteko aukera.

Euskara elkarteak eskatu du, halaber, txartela garaiz hartzeko; "izan ere, adierazi digute autobusa betetzen bada, beste bat edo behar direnak jarriko dituztela. Baina horretarako, txartela lehenbailehen hartzea komeni da".

Zirikak gogorarazi du uztailean Zarautzen "jendetza" bildu zela euskararen alde, eta azaroaren 4an mobilizatzera deitu du: "Gehiago joango gara Bilbora!".