Bihar egingo dute 2024ko udal aurrekontuak lantzeko azken bilera Alde Zaharrean

Mireia Galarza Bastida 2023ko urr. 24a, 16:00
Udal aurrekontuetarako proposamenak bidaltzeko Aritzbatalde kiroldegiaren sarreran dagoen postontzia. (Jabi Gonzalez Toston)

Gaur, berriz, Iñurritzan egingo dute, auzo horretako, Mendilautako eta Talaimendiko bizilagunentzat. 18:30ean izango da bilera, Iñurritzako auzo elkartean. Dena den, urria amaitu arte proposamenak herrian zehar kokatuta dauden postontzietan eta telematikoki egiteko aukera izango dute herritarrek.

Azken urteetako dinamikarekin jarraituz, datorren urteko udal aurrekontuak lantzeko parte hartze prozesua jarri zuen martxan Zarauzko Udalak urri hasieran. Guztira, zazpi bilera deitu zituen herriko auzo ezberdinetan, eta gaur eta bihar izango dira azkenak. Gaurkoa Iñurritzan egingo dute, auzo horretako, Mendilautako eta Talaimendiko bizilagunentzat. 18:30ean izango da bilera, Iñurritzako auzo elkartean. Bihar, ordu berean, Alde Zaharrean elkartuko dira, hain zuzen, Portuetxeko pleno aretoan. Bilera horien helburua izan da bizilagunen beharrak eta nahiak ezagutzea eta haien proposamenak jasotzea.

Dena den, urria amaitu arte ekarpenak egin ahal izango dituzte herritarrek. Alde batetik, herriko hainbat txokotan jarri dituzten postontzietan: Vista Alegre auzo elkartean, Etxezabala eta Portuetxen, Sanz Enean, Udal Euskaltegian, Azken Portuko Kristau Biltokian, Aritzbatalde kiroldegian eta Iñurritzako auzo elkartean, hain zuzen ere. Bestetik, telematikoki ere egin ahal izango dira, partehartu@zarautz.eus posta elektronikora mezua bidalita.