Eraitsi aurreko azken lanak egiten ari dira Hegoaldeko pabiloietan

Aritz Mutiozabal 2023ko urr. 26a, 16:15
Langileak pabiloiak eraitsi aurreko azken lanak egiten (Zarauzko Udala)

Arregi eta Manufacturas Zarautz pabiloien industria-aurrietan langileak dabiltza egunotan beharrean. Behin eraitsitakoan, 400 inguru ibilgailurentzako aparkaleku eremua atonduko dute.

Xabier Txurruka alkateak bere Facebook kontutik jakinarazi duenez, Hegoaldeko aparkaleku berria prestatzeko lanekin hasiak dira. Hain zuzen ere, Construcciones Metalicas Arregi eta Manufacturas Zarautz pabiloiak izan zirenak eraisten hasi aurreko azken lanak egiten dabiltza egunotan.

Zarauzko Udalak Tximistxharri SL enpresari adjudikatu zion ekainean Araba eta Bizkaia kaleen artean kokatuta dauden pabiloi industrialak eraisteko lanak, 227.143,62 euroko aurrekontuarekin. Bertan, 400 inguru ibilgailurentzako aparkaleku eremua prestatuko dute, herrian dagoen aparkaleku arazoari erantzun.