"Konstituzionalaren epaia toki-autonomiaren aurkakoa da, eta hizkuntza arloko udal eskumenen garapena mugatzen du"

Mireia Galarza Bastida 2023ko urr. 31a, 16:00
Zarauzko EAJ eta EH Bilduko zinegotziak gaurko agerraldian. (Mireia Galarza Bastida)

Udaletako euskararen normalizazioaren eta erabileraren kontrako epaien inguruko adierazpen bateratua egin dute gaur eguardian Zarauzko EAJ eta EH Bilduko udal taldeetako kideek Etxezabalako bilera gelan. Hona hemen irakurgai adierazpen osoa. 

Uztailean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Udal legeari buruz emandako epaiaren ostean, lehengo astean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, Udal legea garatzen duen eta hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duen Eusko Jaurlaritzaren 179/2019 dekretuaren hainbat artikulu baliogabetu zituen.  

Auzitegietatik hartzen ari diren erabaki hauek kezka sortzen digute, Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan indartzen ari den joera delako, eta ondorioek urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan atzerapauso handiak eragin ditzaketelako.

Honen aurrean, bai EUDELek eta bai UEMAk onartu dituzten adierazpenekin bat egiten dugu eta honakoa adierazi nahi dugu Zarauzko Udaleko EAJ eta EH Bilduren udal taldeok:

1.- Aurretik, Konstituzio Auzitegiaren epaian egin bezala, Zarauzko EAJ eta EH Bilduren udal taldeek berretsi egin dute ETELen defentsa, udal-autonomiaren eta toki-erakundeen eskumenen bermatzaile gisa, zehazki, euskararen esparruan. Legea ezinbestekoa da euskal udalek euskararekiko duten konpromisoa eta euskal udalerrietan euskararen erabileraren sustapena gauzatzeko, herritarrekin duten hurbiltasunetik abiatuta.

2.- Uste dugu epai berri hori toki-autonomiaren aurkakoa dela, eta hizkuntza arloko udal-eskumenen garapen osoa mugatzen duela. 

Bereziki larritzat jotzen dugu euskara erabilera normal eta orokorreko zerbitzu- eta lan-hizkuntza dela aintzat jotzen duten dekretuaren artikuluak baliogabetzea. Funtsezko beste artikulu batzuk ere deuseztatzen dira, hala nola, kontratazio publikoan euskara baloratzeko aukera ematen dutenak edo udal-jarduerak euskaraz egin ahal izateko hizkuntza-plangintza ahalbidetzen dutenak. Alderdi horiek eta beste batzuk funtsezkoak dira herritarrek beren hurbileko administrazioarekin harremanetan jartzeko hizkuntza ofiziala aukeratzeko duten eskubidea bermatzeko. 

 3.- Sententzia horiek bereziki eragiten digute udalerri euskaldunoi, horietan ari baikara hartzen euskaraz funtzionatzeko neurri gehien. Hori oztopo bikoitza da euskararen indarberritze-prozesuarentzat: batetik, galga jartzen diete euskara normalizatzeko neurri aurreratuenei, eta normalizazio-prozesuak badauka horren premia; bestetik, euskarak indar handiena duen lurralde-eremuei eragiten diete, eta gune horien premia gorria du euskarak. Udalerri euskaldunok ezinbestekoa dugu lege-babesa.

4.- Udalerri euskaldunetan, hainbat arlotan aurrera egin du euskarak hamarkada hauetan, baina oraindik bada zertan eragin. Udalean bertan ere urrats handiak egin ditu euskarak, eta gaur egun, zerbitzu-hizkuntza ez ezik, lan-hizkuntza nagusia ere bada euskara. Horretan jarraitzeko asmo sendoa du udalak, eta aurrerantzean ere martxan jarriko ditu bere esku dauden neurri eta plangintza guztiak. Euskara da gure udalerriko hizkuntza propioa, eta hori sustatzen jarraitzeko konpromisoa dauka Udalak. Justiziazkoa da.

5.- Honegatik guztiagatik, Zarauzko EAJ eta EH Bilduko udal taldeek, berriro ere, bat egiten dugu Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon antolatutako manifestazioarekin eta euskararekin bat egiteko eta Bilboko mobilizazioan parte hartzeko deia egiten diegu herritarrei.