Euskara Sustatzeko Ekintza Planerako herritarren iritzia bilduko dute bihar

Mireia Galarza Bastida 2023ko aza. 6a, 13:30
Euskara zinegotzi Irune Urbieta erdian, Euskara departamentuko kideekin. (Zarauzko Udala)

19:00etatik aurrera, Etxezabalako bilera gelan izango da parte hartze prozesuko bilera, eta bertaratzeko interesa dutenek online bidezko galdetegi bat erantzun beharko dute. Planaren helburua da euskararen erabilera sustatzea eta indartzea udalerrian.

Euskara Sustatzeko Ekintza Plana egiten ari dira Zarauzko Udalean, eta behin onartutakoan, 2023-2027 urte bitartean egongo da indarrean. Planaren helburua da euskararen erabilera sustatzea eta indartzea udalerrian, eta horretarako, ezinbestekotzat jotzen dute herritarren nahiz eragileen ikuspegia, iritziak eta ekarpenak bertan jasotzea. Hori horrela, parte hartze prozesuko bilera antolatu zuten, eta bihar izango da hori, Etxezabalako bilera gelan, 19:00etatik aurrera. 

Bileraren helburua da datozen urteetan euskararen erabilera sustatzeko lan ildoak adostea. "Zenbat eta parte hartze zabalagoa izan, orduan eta biziagoa eta eraginkorragoa izango da planaren eragina", zehaztu dute antolatzaileek. Bileraren antolaketa errazte aldera, parte hartzeko asmoa dutenek galdetegi hau erantzunez izena ematea eskatu dute. Maiatzean abiatu zuten euskara plana osatzeko parte hartze prozesua, eta harrezkeroztik hainbat eragilerekin elkartzeaz gain, herritarren artean ere bi galdetegi zabaldu ditu udalak.