Elkarretaratzea egingo dute Zarautzen Ivan Illarramendiren hilketa gaitzesteko

Juan Luis Romatet 2023ko aza. 8a, 20:57
Hamasek bahitutakoen senideek atzo egindako elkarretaratze batean ateratako argazkia, Tel Aviven. (MANUEL BRUQUE / EFE)

Aita zarauztarra eta ama getariarra zuen Ivan Illarramendiren hilketa gaitzesteko elkarretaratzea deitu du Zarauzko Udalak. Bihar egingo da, ostegunez, eguerdiko 12:00etan.

Espainiako Gobernuko Atzerri-Ministerioak gaur iragarri du desagertuta zegoen Ivan Illarramendi Hamasek egindako erasoan hil zela urriaren 7an, Kissufim kibutzean, Gazatik oso gertu. Horren aurrean, aita zarauztarra eta ama getariarra zuen Illarramendiren eta Loren Garcovichen bikotearen hilketak "irmoki" gaitzetsi ditu Zarauzko Udalak. doluminak eta elkartasuna ere adierazi dizkio haien familiei.

Zarauzko Udalak elkarretaratze isila deitu du eta herritarrei bertaratzeko deia egiten die bihar ostegunerako, eguerdiko 12:00etan, Lege Zaharren Enparantzan "hilketa hauek gaitzesteko eta familiarekin bat egiteko".

Era berean, Zarauzko Udalak gatazka honetan "sortutako muturreko indarkeria jasanezin guztiarekin amaitzeko neurriak hartzea" eskatu du.