Zabaldu dute inauterietako konpartsan izena emateko epea

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 13a, 16:30
Iazko inauterietako konpartsa, 'Moulin Rouge' izanz en udalak hautatutako gaia. (Onintza Lete Arrieta)

Aerobik gaia hautatu du udalak otsaileko mozorro festarako eta abenduan hasiko dituzte koreografia prestatzeko entseguek. 190 lagunek hartu ahalko dute parte gehienez ere eta hilaren 28a baino lehen egin beharko dute horretarako inskripzioa.

Zarauzko Udala jada jarri da 2024ko inauteriei begira eta hautatu du mozorroetarako gaia: Aerobik. Horrekin batera, zabaldu du konpartsan izena emateko epea. Hori horrela, parte hartzeko interesa dutenek azaroaren 28ra arte dute inskripzioak egiteko. Horretarako, honako bi lotura hauetan eskuragarri dauden helduentzako eta zortzi urtetik gorako gaztetxoentzako inskripzio orriak bete eta jaiak@zarautz.eus helbidera bidali beharko dituzte interesdunek.

Halaber, udalak ohartarazi du plazak mugatuak direla; izan ere, 190 lagunentzako lekua eskainiko dute. Inauterietan kaleak kantuz eta dantzaz alaitzeko entseguak, berriz, abenduaren 3an hasiko dituzte Aritzbatalde pilotalekuan. Gaztetxoak 16:00etatik 17:00etara arituko dira eta helduak 17:00etatik 19:00etara. Bederatzi izango dira guztira egingo dituzten prestaketa saioak.