AEKalean ospatuko dute larunbatean

Aritz Mutiozabal 2023ko aza. 14a, 16:00
Euskaraz Bizi Egunean AEK-k antolatzen duen Euskararen Aldeko Lasterketaren iazko edizioa. (Mireia Galarza Bastida)

Atzeratu zuten Euskararen Aldeko Lasterketa ere jokatuko dute. Etzi arratsaldean, berriz, mintzalagun egitasmoaren ikasturte hasierako ekitaldia egingo dute Modelon.

AEK hiru ekimen bateratu antolatu ditu aste honetarako: Urola Kostako mintzalagun egitasmoaren hasiera ekitaldia, Euskararen Aldeko Lasterketa eta AEKalean Eguna, hain zuzen ere. Mintzalagun egitasmoaren ikasturte hasierako emanaldia etzi izango da, 19:00etan, Zarauzko Modelo aretoan, eta Ixabel Agirresarobe kontalariak herri ipuinak izango ditu kontagai.

Larunbatean, berriz, Euskararen Aldeko Lasterketa jokatuko da; Zarauzko AEK-k irailean antolatu ohi du, Euskaraz Bizi Egunean, baina euriak baldintzatuta, atzeratu egin zuten aurtengoa. 11:00etan izango da proba, Musika Plazatik abiatuta, eta izena egunean bertan eman behar da, 8 euro ordainduta.

Egun horretan bertan, AEKalean Eguna ospatuko dute, parrokiako arkeologia eta monumentu multzoa bisitatuz; izena eman nahi izanez gero, Urola Kostako Mintzalagun dinamizatzaileari edo Zarauzko AEKri jakinarazi behar zaio. Jardunaldia biribiltzeko, Indabe taldeak kontzertua eskainiko du 13:00etan.