Herriko bost abesbatzek kantuz girotuko dituzte kaleak datorren astean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 15a, 12:00
Zarautz Abesbatzako kideak kalejiran iazko azaroan. (Jabi Gonzalez Toston)

Gaur zortzi izango da Santa Zezilia Eguna, Musikaren Nazioarteko Eguna, eta, ohi bezala, emanaldi berezia antolatu dute.

Zarautz Abesbatza, Montetxio, Udaberri, Zarautz Kantuan eta Schola Cantorum abesbatzetako kideak kalez kale arituko dira kantuan herriko txistulariek eta atabal joleek lagunduta datorren azaroaren 22an, Santa Zezilia Egunean. Orduan ospatzen da Musikaren Nazioarteko Eguna eta elkarrekin egin nahi dute festa. Hala, 19:30ean abiatuko dira Musika Plazatik eta 21:00ak aldera amaitzea espero dute.

Zehaztu dutenez, hiru izango dira abestuko dituzten kantak. Hirurak ere Imanol Urbietarenak eta Jaione Eskuderok ahots nahasietarako eta txistuentzako moldatuak: Agur Herria, Gernika aldera eta Herriko Jatorrak. Gaur zortzi eskainiko duten saio hori behar bezala prestatzeko entsegu orokorra egingo dute parte hartzaileek Santa Klarako aretoan Santa Zezilia Egunaren bezperan. Hau da, azaroaren 21ean. Nolanahi ere, parte hartuko duten taldeak eta abeslariak dagoeneko hasi dira euren kabuz prestaketa egiten.