Gipuzkoako Harri Handien Txapelketan laugarren izan da Imanol Royo

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 20a, 14:00
Imanol Royo, larunbateko txapelketaren une batean. (Tolosaldeko Ataria)

Xabier Aranburu Guzta izan zen garaile larunbatean, Zizurkilgo Intxau pilotalekuan jokatutako lehian.

Imanol Royo Lartain harrijasotzaile zarauztarra laugarren sailkatu zen larunbatean Zizurkilen, Gipuzkoako Harri Handien Txapelketan. Sei harri jasotzaile lehiatu ziren  Intxaur pilotalekuan –Xabier Aranburu Guzta, Gari Garmendia, Lartain, Jon Unanue Goenatxo III.a, Julen Diaz eta Aimar Galarraga–, baina bostek zuten txapela janzteko aukera, Diaz arabarra gonbidatu gisa aritu baitzen.

Gipuzkoako Harri Handien txapela Guztarentzat izan zen. Urrestillan bizi den idiazabaldarra izan zen txapelketan jaso behar izan zituzten lau harriak batuta kilo gehien altxatzea lortu zuena: 4.525 kilo batu zituen guztira txapeldunak. Beste idiazabaldar batentzat, Garmendiarentzat, izan zen bigarren tokia, 4.375 kilorekin. Galarraga oriotarra hirugarren bukatu zuen eta zarauztarrak, berriz, laugarren.

Goenatxok, berriz, ezin izan zituen lanak bukatu. Laukizuzena eta zilindroa besterik ez zituen altxatu azkoitiarrak, lehia utzi aurretik.